DONOSTIA 22 Jun. (EUROPA PRESS) -
Emakume Teknologoentzako IX. Ada Byron sariak banatu dira asteazken honetan Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean, eta Lourdes Verdes Montenegro eta Julia Giomar Niso izan dia irabazleak, senior eta gazte kategorietan, hurrenez hurren.
Deustuko Unibertsitateak ematen ditu Ada Byron sariak, Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Danobatgroupen eta Microsoften babesarekin eta Innobasque eta Basque HealthClusterren laguntzarekin. Emakumeek zientziaren eta teknologiaren esparruan egiten duten lana agerian jartzea eta I+G esparruko emakumeen bokazioak sustatzea dira helburuak.
Lourdes Verdes-Montenegro Zientzia Fisikoen doktorea da Granadako Unibertsitatean. Bere ikerketa ibilbideak, funtsean, galaxien bilakaeraren maiztasun anitzeko azterketa du ardatz, eta arreta berezia jartzen du behaketa irrati-astronomikoetan.
1998an, CSICeko zientzialari titular plaza bat lortu zuen, Galaxietako Izarrarteko Inguruneari lotuta, eta ikerketa ildo hori jarri zuen abian IAA-CSICen (egungo Severo Ochoa Bikaintasun Zentroa). 2003an, galaxia isolatuen lagin bat eraiki eta karakterizatzeko beharra identifikatu zuen, eta horretarako AMIGO diziplina anitzeko ikerketa taldea osatu zuen. 2011n, irrati-astronomiaren erronka nagusian sartu zen: Square Kilometre Array (SKA) eraikitzea, munduko irrati-teleskopiorik handiena.
Bestalde, Julia Guiomar Niso Telekomunikazio Ingeniaritzan lizentziaduna da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ETSITen eta Ingeniaritza Biomedikoko doktorea unibertsitate bereko Teknologia Biomedikoko Zentroan. Garunaren dinamika du ikergai nagusi eta, esparru horretan elektrofisiologiaren arloan lan egiten du.
Ikerketa proiektu garrantzitsu askoren buru izan da, hala nola Alzheimer gaixotasunaren markatzaile goiztiarren azterketa, garuneko seinale elektromagnetikoetatik abiatuta; Hermes proiektua, garuneko konektibitatea aztertzen duena, datu neurofisiologikoetatik abiatuta; eta Brainstorm, garuneko seinaleen ingurukoa.
Eremu klinikoan, gaixotasun neurologikoak ere aztertzen ditu, esate baterako, epilepsia edo Alzheimerra. Haren ikerketaren kalitatea zenbait sarik aintzatetsi dute dagoeneko, horien artean, Axa Posdoctor fellowship Grant (2017) edo Lewis Reford Fellows Travel Award (2015). Berriki Espainiako Gazte Akademiako kide izendatu dute.