DONOSTIA 26 Oct. (EUROPA PRESS) -
Lurraldebus txartelak internet bidez kargatzeko aukera izango da azaroaren 5etik aurrera, www.lurraldebus.net webgunean. Hala ere, internet bidezko karga egin ostean, erabili aurretik, nahitaez, autobus gidariari edo leihatilako txartel saltzaileari karga balioztatzeko eskatu behar zaio. Eskaera hori Lurraldebuseko autobusetan eta Irungo eta Errenteriako hiri-autobusetan egin ahalko da, ez gainerako hiri-autobusetan (Donostian, Arrasate, Hernani eta Oiartzun).
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, internet bidez kargatu ahal izateko zenbait urrats egin behar dira. Lehenik, www.lurraldebus.net webguneko gune pribatuan sartu behar da. Erregistratuta ez egotekotan, alta eman beharko da, eta horretarako Lurraldebus txartelean azaltzen den zenbakia sartu eta sarrerako gakoa eskatu besterik ez da egin behar.
Ondoren, "Kargak" fitxa hautatu eta txartelean kargatu nahi den zenbatekoa (5 euroren multiploak izan behar dute eta gehienez 100 euro) sartu behar da. Webgunean ezingo da kargarik egin txartela iraungita edo baliogabetuta badago, edo aurretik webgunearen bidez eginiko beste karga bat gauzatu gabe badago (eskatuta eta autobusean balioztatu edo gauzatu gabe).
Jarraian, kontu elektroniko edo finantza-txartel baten banketxea sartu behar da, ordainketa egiteko, eta ez izatekotan, "Beste entitate batzuk" aukeratu behar da. Banketxearen orrian, aukerak hautatu edo banketxeak agindutako urratsak jarraitu behar dira.
Dirua kargatu ondoren, egindako eragiketaren "bilaketa" kodea inprimatu edo idatzi behar da. Webgunean kargatzerako orduan eragozpenik edo zailtasunik izanez gero, Lurraldebus gunearekin (943 000 117) jarri behar da harremanetan eta kode hori jakinarazi bezero arretako langileari.
Kargatutako dirua erabili ahal izateko ezinbestekoa izango da txartela erostean edo autobusean sartzean saltzaileari edo gidariari adieraztea internet bidezko karga gauzatu edo balioztatu nahi dela (eragiketa hori gidariak edo saltzaileak egin behar du). Gidariak hori egindakoan txartelen makinak automatikoki tiket bat (kargaren ziurtagiria) inprimatuko du, eta hori gordetzea komeni da.
Gidariak webgunearen bidezko karga balioztatu ondoren, txartelean azalduko da saldoa eta erabiltzaileak bidaia ohiko moduan ordainduko du, txartela makinatik pasatuz, autobusean sartzean eta irteterakoan.
Oso kontuan hartu behar da karga bat egiten den aldiro erabili ahal izateko Lurraldebuseko autobusetan, Irun eta Errenteriako hiri-autobusetan eta Pesako leihatiletan gauzatu edo baieztatu behar direla, eta, beraz, karga mota hau ezin dela gainerako udal zerbitzuetako autobusetan egin (Donostia, Arrasate, Hernani Oiartzun).
Webgunearen bidezko kargak 23:00ak baino lehen eskatzen direnean, biharamuneko 5:00etatik aurrera prest egongo dira Lurraldebuseko ibilgailu guztietan baieztatzeko (23:00ak ondorengo kargak egun bat geroago gauzatuko dira).