Madalen egunean ez dela jairik izango esan dute Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako udalek

Bizkaiko kostako lau udalerriek "neurri zorrotzak" ezarri eta Ibarrangeluk eta Elantxobek herrietarako sarrerak itxiko dituzte

Ezkerretik eskuinera: Ibarrangeluko, Mundakako, Bermeoko eta Elantxobeko alkateak
BERMEOKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 17 julio 2020 13:34

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako udalek mezu bateratua plazaratu dute ostiral honetan, uztalaren 22an ospatzen den Madalen egunean jairik ez dela izango jakinarazteko. Covid-19aren ondorioz indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriek ezinezkoa egiten dute herritarren segurtasuna bermatzea eta, hori dela eta, jairik ez egitea erabaki dute.

Aritz Abaroa, Patxi Egurrola, Jesus Mari Ziluaga eta Mikel Bilbao Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako alkateek, hurrenez hurren, agerraldia egin dute elkarrekin ostiral honetan, Bermeon, erabakiaren eta aplikatuko dituzten neurrien berri emateko.

Azaldu dutenez, Bizkaiko kostaldeko lau udalerriek "neurri zorrotzak" hartuko dituzte legea behar bezala bete dadin, eta Ibarrangeluko eta Elantxobeko udalek herriotarako sarrerak itxiko dituzte egun horretan. Izan ere, baimenduak eta herritarrak bakarrik sartu ahal izango dira bi kasuetan.

Bizkaibus zerbitzuan ere aldaketak egongo dira egun horretan, eta Bermeoko Udalak ere, bermeotarrentzako urteko jai garrantzitsuenetako bat dela kontuan hartuz, Madalen bezperan eta egunean bertan kontrola areagotuko du txoko, taberna eta terrazetan segurtasun eta osasun neurriak betetzen direla ziurtatzeko.

Lau alkateen hitzetan, covid-19ak sortu duen osasun krisiak ekarri dituen neurriak betetzea beharrezkoa da, eta bildu ondoren, aho batez erabaki dute "inolako jairik ez egitea eta osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea".

"Ez da erabaki erraza izan, ezta gutxiago ere. Egungo egoerak ez du ahalbidetzen Madalen eguna urtero bezala ospatzea. Izan ere, Bermeon, Elantxoben, Ibarrangelun eta Mundakan sortzen diren jende pilaketak eta jaigiroak ezinezkoa egiten du bertaratzen direnen osasuna eta segurtasuna bermatzea", azaldu dute.

Halere, urteetako ohiturari eutsiz, eta protokoloak agintzen duenari jarraituz, Bermeoko Udalak teila botako du goizean Izaro irlaren inguruan. Aritz Abaroa alkateak Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikineko teila jaurtiko du uretara, "honaino heltzen dira Bermeoko ituginak" esanez. Herriko bandera eta ikurrina ere jarriko dira uhartean bertan, baina ondoren ez da segizio ofizialik egingo eta udalbatzak ez du Elantxobera eta Mundakara bisitarik egingo.

Bermeoko Udalak Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko eraikinaren teila bat aukeratu du gizarte zerbitzuetan lan egiten duten langileei omenaldi xumea egiteko. Gizarte zerbitzuen garrantzia eta lehenengo lerroan lan egiten duten pertsonen jarduna goraipatu nahi du ekintza honen bitartez.

NEURRIAK

Lau udalek neurri bereziak hartuko dituzte egun horretarako. Elantxobeko Udalak lurreko eta itsasoko sarrerak itxiko ditu, eta herrian sartzeko baimen berezia beharko da edo bertako herritarra izan. Gainera, Bizkaibus zerbitzuak ere ez du Elantxoben geldialdirik egingo (ez autobusa hartzeko ezta autobusetik beheratzeko ere).

Ibarrangeluko Udalak ere herrirako sarrerak itxiko ditu eta, hemen ere, baimenduak edo herritarrak soilik sartu ahalko dira. Gainera, Bizkaibus zerbitzuaren geralekuak aldatuko dira, eta autobusak Arriderra eta Akordako gurutzean geratuko dira. Ibarrangeluarrentzat furgoneta eta taxi zerbitzua egongo da. Herrian sartzeko baimenak Elantxobe eta Ibarrangeluko udalek kudeatuko dituzte eta sarreretako kontrola Ertzaintzak burutuko du.

Halaber, Mundakako Udalak lurreko eta itsasoko sarrerak kontrolatuko ditu, jende pilaketak ekiditeko. Hain zuzen, lau udalek modu bereziak kontrolatuko dituzte jende pilaketak, indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriak betetzen direla bermatzeko. Ildo horretan, egiten diren jai alternatibo guztiak kontrolatuko dituzte, eta segurtasun eta osasun neurriak betetzen ez direla ikusten bada, jendea sakabanatuko da. Gainera, gogorarazi dute maskararen erabilera derrigorrezkoa dela eta gazteen lokalak irekitzeko baimenik ez dagoela.

Azkenik, Bermeoko Udalak tabernetako, terrazetako eta txokoetako edukierak eta portaerak zorrotz kontrolatuko ditu (txoko eta tabernetara zirkularra bidaliko da indarrean dauden neurrien berri emanez). Jarrera desegokirik ikusiko balitz, isunak jarriko dira.

Bermeoko Udaltzaingoak kontrol bereziak egingo ditu uztailaren 21eko gauean eta 22an egun osoan. Oinezko patruilen bidez osasun eta segurtasun neurriak betetzen direla egiaztatuko dute. Gainera, herriko tabernek Madalen egunerako zuten baimen berezia bertan behera geratuko da eta ordutegi normalarekin jardun beharko dute.

Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu eta Mundakako udalek herritarrei eskatu diete erantzukizunez aritzeko eta ahalegin berezia egiteko, guztion osasuna baitago jokoan. Gainera, egun horretarako ezer berezirik ez egitea eskatu dute, ez baita Madalen egunean jairik egingo.

Contenido patrocinado