Madrilgo 38. Gourmets azokako 'Euskadi Basque Country' standak 31 euskal enpresa bildu ditu

Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 7 abril 2025 12:51

BILBO 7 Abr. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak 'Euskadi Basque Country' standa inauguratu du astelehen honetan Madilgo IFEMA azoka esparruan aste osoan zehar egingo den 38. Gourmets azokan. Erakusmahaiak 31 euskal enpresa hartuko ditu eta 'Basque Txokoa' gunea izango du.

Raul Perez Iratxeta Elikadura eta Landa Garapeneko sailburuordeak azoka irekitzeko ekitaldian parte hartu du astelehen honetan. "Hitzordu hau erreferentziala da kalitate handiko elikagaien eta gastronomiaren sektoreko euskal enpresak sustatzeko. 2.000 erakusketari, 100.000 bisitari profesional baino gehiago, 85 herrialde eta 239 milioi eurotik gorako negozio bolumena izango dira bertan", zehaztu du.

Horrela, 'Euskadi Basque Country' markaren bidez, Eusko Jaurlaritzako euskal enpresen partaidetza elkartua bultzatu du beste behin aukerako produktuei eskainitako Europako azoka honetan.

"2025eko edizio honetan, gure gastronomiaren onena ordezkatzen duten 30 enpresa baino gehiago bildu ditugu: kontserbak, urdaitegia, gozoak, haragi produktuak, elaboratuak, ardoak eta edariak. Guztiak konpromiso berarekin elkartuta: kalitatezko produktuak, jatorri argikoak eta dauden lekuan miretsiak", azpimarratu du Perez Iratxetak.

Bada, Euskadiko standa 3/3D40 Hallean dago. 31 euskal enpresa hartuko ditu eta 'Basque Txokoa' gunea izango du. Azokan zehar hainbat sustapen ekintza egingo dira elkarte gastronomiko edo txoko baten itxura duen gunean.

Esate baterako, asteartean, apirilaren 8, ardo dastaketak egingo dira Mikel Garaizabal eta Jose Ignacio Junguiturekin, eta asteazkenean, apirilaren 9an, destilatuen dastaketa Jose Luis Navarro eta Manuel Iturregirekin.

Jarduera horietara sektoreko hainbat gonbidatu, influencer eta prentsa gastronomikoa joango dira, eta Euskadiko pabiloian parte hartzen duten enpresek 'Basque Txokoa' gunean egingo dituzte euren sustapen ekintzak.

Gainera, beste euskal enpresa batzuk ere egongo dira 2025eko Gourmets azokako beste pabiloi batzuetan, modu independentean. "Horien presentziak euskal sektorearen garrantzia indartzen du azokan", nabarmendu du Perez Iratxetak.

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado