Mariolein Sabartek irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Mariolein Sabarte.
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA
Actualizado: viernes, 30 septiembre 2022 16:59

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Mariolein Sabarte Belacortu itzultzaile herbeheretarrak irabazi du Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren zortzigarren edizioa, Katixa Agirreren 'Amek ez dute' eleberria gaztelaniatik nederlanderara itzultzeagatik. Zirimiri Press argitaletxeak plazaratu du lana.

Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean egin da sari emate ekitaldia, eta han izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkaria, Mariolein Sabarte itzultzailea, Henrike Olasolo Zirimiri Press argitaletxearen editorea eta Katixa Agirre idazlea.

Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatur lan baten itzulpen lana saritzeko asmoz sortutako lehiaketan obraren itzulpena eta argitaletxearen sustapena baloratzen dira, eta, hain justu, Mariolein Sabartek eta Zirimiri Press argitaletxeak alor horietan egindako sustapen lana nabarmendu du epaimahaiak.

"Itzulpena kalitate handikoa izateaz gain, itzultzailearen ibilbide sendoa aitortu nahi da sari honekin, bizitza osoan egindako lana, hain zuzen", azpimarratu du epaimahaiak.

Bestalde, Zirimiri Press argitaletxearen ibilbidea ere saritu nahi izan dute, "euskal lanak zehazki eta hizkuntza gutxituetakoak orokorrean itzultzeko egindako apustu garbiagatik". Halaber, eleberria sustatzeko egindako "lan sendoa" er aintzat hartu dute, Herbehereetako hedabideetan oihartzun handia izan baitu argitalpenak. "Argitaletxeak lan handia egin du hori hala izan dadin", eta hori ere aitortu nahi izan dute sariaren bidez.

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sariaren zortzigarren edizioaren epaimahaikide izan dira Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkaria, Imanol Otaegi Euskal Kultura Sustatu eta Hedatzeko Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Elizabete Manterola eta Naroa Zubillaga EHUko irakasle eta EIZIEko kideak eta Mikel Lasa Etxepare Euskal Institutuko komunikazio teknikaria.

Ohi bezala, 4.000 euroko sari bakarra eman da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzeko. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira itzulpenaren kalitatea eta literatur lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edo literatur lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin jarraitzeko.

MARIOLEIN SABARTE

Mariolein Sabarte Belacortu (1944) Wageningenen hazi zen, Herbehereetan. Ama herbeheretarra zuen, eta aita euskalduna. Espainiako Hizkuntza eta Literatura ikasi zuen Amsterdamgo Unibertsitatean.

1969an, gaztelaniazko prosa nederlanderara itzultzen hasi zen, eta lehen itzulpena Camilo Jose Celaren 'Mrs. Cadwell habla con su hijo' izan zen. Geroztik, Latinoamerikako hainbat idazleren eleberriak itzuli ditu, besteak beste, Gabriel Garcia Marquez, Julio Cortazar, Mario Vargas Llosa, Alvaro Mutis, Jose Donoso, Jose Maria Arguedas, Juan Carlos Onetti, Jorge Luis Borges, Roberto Arlt, eta Carlos Fuentes idazleenak.

Sabarte erreferentea da gaztelaniatik nederlanderarako itzulpengintzan. 1969 eta 2010 artean, 70 eleberri baino gehiago eraman zituen gaztelaniatik nederlanderara. Gaztelaniazko olerkigintzako idazle ugariren lanak ere itzuli ditu Rotterdameko Nazioarteko Poesia Jaialdirako.

Urte batzuk egin zituen itzultzaileentzako eskolan, Amsterdamen. Sari ugari jasotakoa da, tartean, Meulenhoff argitaletxearen saria eta Letren Fundazioaren saria (Vertaalprijs Nederlands Letterenfonds), bere obra guztiagatik.

ZIRIMIRI PRESS

Bestalde, Zirimiri Press argitaletxea 2009an sortu zuten, oharkabean pasatzen diren lanak publiko zabalagoari helarazteko asmoarekin. Gutxitutako eta gutxi itzulitako hizkuntzetan idatzitako lanak plazaratzen berezitutako argitaletxea da.

Bertan argitaratu dira, Katixa Agirreren lanez gain, Uxue Alberdi, Harkaitz Cano, Julen Gabiria, Cristina Goikoetxea, Felicia Fuster, Mireia Calafelli, Lien Botha, Marcu Biancarelli eta Montserrat Abellorenak.

Zirimiri Press argitaletxeak 2021eko udaberrian kaleratu zuen Agirreren 'Amek ez dute' eleberriaren nederlanderazko edizioa.