BILBO, 30 (EUROPA PRESS)
Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuen bilguneak 'Kaishop!. Erosi euskaraz zure herrian. Euskara + 0 km = Kalitatea' kanpaina jarri du martxan lurraldeko hainbat udalerri eta eskualderekin elkarlanean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, herrietako merkataritzan eta ostalaritzan euskara sustatzeko asmoz.
Zehazkiago, Alkarbidek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, kanpaina Gernika-Lumon, Getxon, Leioan, Erandion, Basaurin eta Txorierrin (Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio) jarri da martxan, euskarri digital eta fisikoen bidez, toki bakoitzeko ezaugarrietara egokituta.
'Kaishop!' kanpainaren bidez, antolatzaileek bi gai nagusitan jarri nahi dute arreta: batetik, euskarak tokian tokiko merkataritzan eta ostalaritzan duen garrantzian, euskara "guztiona, kalitatezkoa eta gertukoa" dela nabarmenduz, eta, bestetik, tokian tokiko merkataritzak eta ostalaritzak ematen duten tratu pertsonal eta gertukoan.
Bi gaiak uztartuz, kanpainaren hartzaile izango den herritar bakoitzari gonbidapena luzatuko zaio nork bere herrian eta euskaraz eros dezan.
Gainera, 'Kaishop!' kanpainaren kaleko saioek Euskaraldiarekin bat egingo dute aurten, ariketa maiatzaren 15etik 25era ospatuko baita. Hala, merkatariek eta ostalariek ahobizi eta belarriprest txapak erabiliko dituzte lotura elementu gisa.
Orobat, aurten merkatarien eta ostalarien parte hartzea areagotu nahi izan du 'Kaishop!' kanpainak. Horretarako, besteak beste, bezeroak zozketetan parte hartzera gonbidatzeko aukera izango dute eta, berrikuntza gisa, aurten sari nagusi bat irabazteko aukera ere izango dute parte hartzaileek, ohiko sariez gain.
Iaz bezala, kanpainaren zabalkunderako, aktore batzuk kalea girotzen eta opariak banatzen arituko dira aurten ere, ostirale honetan hasi eta maiatzaren 22ra bitarte herriz herriz egingo diren saioetan.