Actualizado 13/10/2021 13:31 CET

Migrazioak eta harrera linguistikoa aztergai Euskal Soziolinguistika Jardunaldian

Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren 13. Edizioa
SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Soziolinguistika Klusterrak antolatzen duen Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren 13. edizioa azaroaren 11n egingo da, Iruñeko Baluarte biltzar jauregian, eta migrazioak eta harrera linguistikoaren gaia landuko du. Nafarroako Gobernuko Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin antolatu da topaketa.

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, fenomeno berria ez den arren, atzerrian jatorria duten biztanleen proportzioa hazten ari da eta hurrengo urteetan gehiago haziko dela aurreikusten da. Egungo immigrazioko biztanleriak inoiz baino ezaugarri desberdinagoak ditu, bai jatorri estatuei dagokienean, baita kultura zein hizkuntza desberdinei dagokienean ere. Horrekin batera azaleratzen ari diren egoera sozial, ekonomiko eta politikoak ere askotarikoak dira.

Beraz, antolatzaileen arabera, "aurreikusi gabeko konplexutasuna kudeatzea ezinbestekoa izango da euskararen biziberritze prozesuan gizarteak aurrera egin dezan eta kulturen eta hizkuntzen arteko errespetuan eraikitako gizarte kohesionatua bideratu dadin".

Horrela, 2021eko Euskal Soziolinguistika Jardunaldian erronka horri "arrakastaz erantzuteko gakoak identifikatzeko saiakera" egingo da. Horretarako, gaia ikuspegi desberdinetatik lantzen duten pertsonek elkar topatzea eta solastea erraztuko da. Egoeraren deskribapena egiten duten ikerketak eta erakunde publikoetatik eta hezkuntza komunitateetatik martxan dauden egitasmoak ezagutzeko aukera eskainiko da, eta aditu zein arituen arteko iritzi trukerako guneak bideratuko dira.

Hain zuzen, goiz eta arratsaldeko egitarauak demografia, gizarte ikerketa, hezkuntza eta politika publikoen ikuspegitik begiratuko die aipatutako erronka horiei. Bertako eta kanpoko ikerlariak, adituak eta profesionalak izango dira hizlari eta parte hartzaile.

Aurrez aurre parte hartu edo 'streaming' bidez jarraitu nahi dutenek dagoeneko izena eman dezakete www.soziolinguistika.eus/jardunaldia web orrian (azaroaren 5a arte). Matrikula arruntak 50 euroko prezioa du (bazkaria barne); 30 euroko prezio murriztua dago ikasle, langabe eta Soziolinguistika Klusterreko bazkideentzat; 'streaming' emanaldira sarbidea lor daiteke 15 euroren truke. Jardunaldi osoan zehar euskara eta gaztelaniaren arteko aldibereko interpretazio zerbitzua bermatuko da.

Contador