DONOSTIA 7 (EUROPA PRESS)
Osakidetzako Donostia Unibertsitate Ospitalea eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutua minbiziaren aurkako CAR-T terapia berriak garatzeko proiektu aitzindari batean parte hartzen ari dira. Teknologia horri esker, tratamendu pertsonalizatuagoak eta eraginkorragoak diseinatu ahal izango dira, ondorio kaltegarriak murriztu eta ekoizpena errazteko.
Osakidetzako iturriek jakinarazi dutenez, proiektuaren berrikuntza nagusietako bat da erietxe publikoek terapia horiek beren baliabideekin fabrikatu eta aplikatu ahal izatea erraztuko duela, kanpoko konpainia farmazeutikoen mende egon gabe. Horrek aukera emango du paziente gehiagok eskura izan ditzaten, eta osasun sistema publikoaren jasangarritasuna bermatzen lagunduko du.
CAR-T terapiek "benetako iraultza" ekarri dute onkologian. Pazientearen beraren immunitate sistemako zelulak aldatzean datza, zelula kantzerigenoak ezagutzeko eta suntsitzeko gai izan daitezen. Horri esker, beste tratamendu aukerarik ez zuten pertsonek hobera egin dute eta, are gehiago, denbora tarte luzeetan gaixotasunetik libre egotea lortu dute.
Praktikan, proiektuak hiru helburu nagusi ditu: eskuragarritasun handiagoa izatea, hau da, minbizia duten pertsona gehiagok jaso ahal izatea terapia berritzaile horiek; eaitza kliniko hobeak lortzea, eta tratamenduaren ondorioen eraginkortasuna eta iraupena handitzea; jasangarritasun ekonomikoa, kostuak murriztuz eta osasun sistema publikoan integratzea bideragarri eginez.
Horrela, Osakidetzak eta Biogipuzkoak, enpresa pribatuekin batera, finantzaketa lortu dute CAR-T terapia berrien garapenean aurrera egiteko, CART_Andalucía proiektuaren esparruan, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatutako lau milioi euro baino gehiagorekin.
Ekimenaren xedea minbizia tratatzeko CAR-T terapia eraginkorragoak, ez hain toxikoak eta kostu txikiagokoak garatzen dituzten ekimenak finantzatzea da, lankidetza publiko-pribatua sustatuta. Lehen fase honetan, soluzioaren diseinuan eta proiektuaren plangintza integralean lan egiten da, bioteknologiaren arloko ikerketa zentro, ospitale eta enpresen parte hartzearekin.
Emaitzak positiboak badira, Osakidetzak CAR-T terapiak modu autonomoan ekoizteko eta administratzeko gaitasuna izango du. "Mugarri hori urrats erabakigarria da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren eta Osakidetzaren terapia aurreratuen estrategian, eta lankidetza publiko-pribatuaren aldeko apustua egiten du osasunerako soluzio berriak garatzeko", azaldu dute.