Mondragon Unibertsitateak hornidura katea lehiakortasun handiagoz kudeatzeko jardunaldiak hasiko ditu astearte honetan

'Demand Driven Week' Astea.
MONDRAGON UNIBERTSITATEA
Europa Press País Vasco
Publicado: martes, 16 abril 2024 9:21

DONOSTIA 16 Abr. (EUROPA PRESS) -

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hornidura kateari buruzko 'Demand Driven Week' izeneko lau eguneko egitaraua antolatu du astearte honetatik ostiralera, apirilaren 16tik 19ra, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta campusean, nagusiki operazio zuzendaritzako profesionalei zuzenduta, hau da, enpresa txiki eta ertainetako zuzendariei nahiz gerentziaz, erosketez, logistikaz eta materialez arduratzen diren profesionalei, besteak beste.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mintegiak, lantegi praktikoak eta 'Demand Driven Adaptative Enterprise' delako metodologia arrakastaz ezarri duen enpresa baterako bisita izango dira. Horietan, beren enpresentzako aukerak identifikatu ahal izango dituzte profesionalek, eta kudeaketa zein baliabideak optimizatuko dituzten metodologien ezarpenari buruz gogoeta egin. Sistema berritzaileak erabiliz, enpresak testuinguru konplexu eta aldakorretara egokitzeko aukera izango da.

Jardunaldi profesionalak astearte honetan hasiko dira, apirilaren 16an, 'Banaketaren kudeaketa: DDBRIX distribution' izeneko lantegi praktikoarekin. Hornikuntza eta banaketa katearen kudeaketaz arduratzen diren zuzendariei, logistika zuzendariei, biltegiko eta logistika zentroetako arduradunei eta erosketa zuzendariei zuzenduta egongo da.

'Demand Driven' metodologiak beren lanean eragiten dituen aldaketak ezagutuko dituzte parte hartzaileek, eta ikasiko dute banaketa sare bat nola kudeatu murrizketak dituztenean, hau da, ekoizpen ahalmen mugatua, guztiz kargaturiko kamioiak, entrega epe irregularrak eta abar. Lantegia b2wise-ko Laurent Vigouroux-ek emango du.

Bigarren saioa zuzendariei eta operazio arduradunei zuzenduta egongo da, asteazkenean, apirilaren 17an, besteak beste, industria edo plangintza zuzendariei, eta 09:00etatik 14:00etara izango da. Hasteko, Mondragon Unibertsitateko Aitor Lizarraldek agertoki berriari eta 'Demand Driven Adaptive Enterprise (DDAE)' delakoaren bost urratsei buruz mintzatuko da. Ondoren, Ainhize Antuñano Goizper Group-eko ingeniariak etengabe hobetzeko prozesuan konpainiak izan duen ibilbideari buruz hitz egingo du, hainbat adierazleren bidez.

LANTEGI PRAKTIKOA

Hirugarren saioan, ostegunean, apirilaren 18an, lantegi praktikoa egingo dute 09:00etatik 18:00etara. Enpresetako zuzendariek eta operazio arduradunek bertatik bertara ezagutuko dute 'Demand Driven Material Requirements Planning (DDMRP)' delakoak proposatzen duen metodologia -inbentarioak eta materialak planifikatu eta kudeatzeko metodologia berritzailea-.

DDBrix kitaren bidez, partaideek 'DDBRIX Factory' delakoa simulatuko dute, taldeka, eta bertan erabakiak hartu eta fluxuak egoki kudeatu beharko dituzte. Hala, sistema aztertu eta erakundeetan ezartzeari buruz gogoeta egingo dute, modu dibertigarri eta praktikoan. b2wis-eko Laurent Vigouroux-ek eta Mondragon Unibertsitateko Aitor Lizarraldek emango dute saioa.

Azkenik, aurtengo 'Demand Driven Week' agenda osatzeko, ostiralean, apirilaren 19an erreferentziako enpresa bat bisitatuko da, zeinak bere antolamendua eraldatu baitu, 'Demand Driven Adaptive Enterprise' eredua ezartzeari esker. Bertaratuek aukera izango dute horien esperientziak, erronkak eta lorpenak hurbiletik ezagutzeko, eta ideia praktikoak eskuratzeko, gero beren enpresetan aplikatzeko. Bisitara joateko, beharrezkoa izango da hiru mintegietako batean parte hartzea.

Contenido patrocinado