Natalia Suarez Ortiz de Zarateren 'Eszena iluna. Bera esna' erakusketa irekiko dute ostiralean Donostian

Natalia Suarez Ortiz de Zarate
IKER AZURMENDI
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 4 diciembre 2025 13:03

DONOSTIA 4 (EUROPA PRESS)

Natalia Suarez Ortiz de Zarate artista gasteiztarraren 'Eszena iluna. Bera esna' erakusketa zabalduko dute Donostiako San Telmo Museoan ostiralean, abenduaren 5ean, 'Artea abian' poroiektuaren baitan. Erakusketa 2026ko martxoaren 1era arte egongo da ikusgai Laborategia aretoan, doako sarrerarekin.

Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak antolatutako 'Artea abian' erakusketa programak sorkuntza garaikideari ematen dio protagonismoa, garapen fasean dauden artistei bultzada emanez, eta orain, Ortiz de Zarateren lana ikusteko aukera izango da, aurreko edizioetan Nagore Amenabarro, Oier Iruretagoiena, Kimia Kamvari, Mikel Otxoteko eta Xare Alvarez artistek beren lanak aurkeztu ondoren.

Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, 2024 eta 2025 artean sortutako tamaina handiko zazpi pintura eta 32 marrazki txikik osatzen dute 'Eszena iluna. Bera esna' erakusketa. Tamaina handiko lan gehienek olio-pintura, spraya eta akrilikoa nahasten dituzte mihisean, eta bada beste bat olio-pintura hutsez margotua; marrazki txikiak, aldiz, boligrafoarekin paperean egindako A4 neurrikoak dira.

Erakusketaren katalogoa ere argitaratu da, Nadia Barkateren testuekin. Erakusketa San Telmo Museoko Laborategia aretoan izango da ikusgai abenduaren 5etik 2026ko martxoaren 1era, doako sarrerarekin, museoaren irekiera ordutegian.

Natalia Suarez Ortiz de Zarate (Gasteiz, 1994) Bilbon bizi da eta, pinturaz gain, arte eszenikoak ere lantzen ditu Tripak konpainiako kide gisa. 2022tik Bilboko Errekalde auzoko Kampai espazioa ere kudeatzen du, arte garaikidearen inguruko sorkuntza, entsegu eta erakusketari bideratuta, arte eszenikoekin eta esperimentaltasunarekin bat etorriz.

Bakarka eta binaka egindako erakusketen artean, 'Art-O-rama' (Marseilla, 2025), 'Adelantar la barbilla y medir el horizonte' (Bartzelona, 2024), 'Aterrizo, anochece' (Bilbo, 2024), 'B.A.C.E. Project' (Londres, 2023), 'Jade' (Bilbo, 2022), 'Diente de leche' (Gasteiz, 2022) eta "Ai, puna' (Bilbo, 2020) nabarmentzen dira, besteak beste.

Talde erakusketak ere egin ditu, hala nola 'Epifanía' (Madril, 2025), 'Un cuadrado de terciopelo negro' ibiltaria (Bizkaia, 2024-2025), 'Dragón de cuatro cabezas' (Madril, 2023), 'Hamairu' (Donostia, 2022), "Koko ni' (Tokio, 2022), 'Estudiotik at' (Donostia, 2021), 'Itzuli barik' (Arrasate, 2019), 'Dime dame' (Bilbo, 2019) edota 'Markak' (Bilbo, 2018).

Gainera, hainbat egoitza artistiko egin ditu, besteak beste, Joshibi University of Art and Design (Tokio, 2022), BilbaoArte (Bilbo, 2021), Artist in Residence Sandnes (Norvegia, 2019) eta Tabakaleran (Donostia, 2018).

'ARTEA ABIAN'

Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete 2019an martxan jarritako 'Artea abian' ekimenaren bidez.

Helburu nagusia da gune instituzional edo museistiko batean lehen erakusketa indibiduala egitea erraztea. Horrela, arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio programak, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Orobat, proposamenak Gipuzkoako panorama artistikoan dagoen hutsune bati ere erantzun nahi dio, bi erakundeen ahaleginak batuz, San Telmo Museoak eta Gipuzkoa eta Donostiako Aurrezki Kutxak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan egin zuten erakusketa eremuko lankidetzari berriro helduz. Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea.

Contador

Contenido patrocinado