Ondarroako I. Lore eta Landare Azoka ospatuko da igandean

Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 15 noviembre 2010 14:59

BILBO 15 Nov. (EUROPA PRESS) -

Ondarroako (Bizkaia) I. Lore eta Landare Azoka ospatuko da datorren igandean, Merkatu plazan, eta hainbat saltzaile batuko dira 11:00etatik 15:00etara bitartean. Ondarroako Turismo Bulegoak antolatuta, herriko zerbitzu turistikoak ekintza osagarri honekin batu nahi izan ditu, udazkenerako proposamen ederra osatuz.

Eskaintza zabalean, lore eta landare apaingarriak, lore lehorrak, landare haragijaleak, sendabelarrak, eztiak eta kremak, bonsaiak, kaktusak eta beste hainbat izango dira, erakusgai eta erosteko moduan. Gainera, hauek prestatzeko erakustaldiak ere egingo dituzte, besteak beste, xaboi naturalak nola egiten diren erakusteko tailer bat ere egingo dute, umeei zuzenduta. Hauez gain, "Mystérieuses Coiffures" deiturikoak ere izango dira, lore lehorrak erabiliz, orrazkera bereziak egiten dituztenak.

Parte-hartzaileen artean, Ondarroako graffitiegileak, herriko akordeoi taldea, ikastetxeak eta tabernariak ere izango dira. Goiz guztian zehar musika grabatua eta zuzeneko musika tartekatuko dira: 12:00etan akordeoi eta ahotsen emanaldia izango da; 12:30etan ganbera taldea arituko da (piano, flauta eta gitarra) eta 13:00etan trikitixa eta pandero taldearen saioa egongo da.

Halere, ekitaldi honetako lehen saioa ostegunean izango da, Itsasaurre plazan egingo den lore landaketarekin. Herriko lau ikastetxeetako ikasleek, goizeko 9:00etatik aurrera, bertan Agenda 21 programaren barruan jarri ziren lau enborren inguruan landatuko dituzte espezie desberdinetakoak. Agenda 21 programa berean jasotzen da, baita ere, Lore eta Landare Azokako ekitaldi berri hau.

Ondarroako Turismo Bulegoak antolatutako jaialdi honen barruan, herriko artista talde batek Plaza Berdura eraikinean horma-irudi bi pintatuko dituzte. Lehen irudia Kofradia Zaharreko tunelean egiten ari dira, Turismo Bulegoaren aurrean. "Zazpi emakume en movimiento" izeneko artistek joan den astean hasi zuten euren lana, lehenengo zirriborroa eginez horman irudia proiektatu ostean, eta hurrengo egunetan pintatu egingo dute, lanak hilaren 21ean bertan amaituz.

Gainera, eraikinaren beste aldean, Musika Eskolaren alboan, beste horma-irudi bat ere pintatuko dute, honako hau merkatuak hartzen dituen motiboekin osatuta: ortuariak, barazkiak eta abar. "Ekintza honen helburua inguruari bizitasun apur bat ematea da", adierazi dute Ondarroako Turismo Bulegotik.

Contenido patrocinado