Ondarroako Txomin Agirre ikastolak azterketak eta testuliburuak baztertzen dituen sistema bat abiarazi du

Txomin Agirre ikastolako ikasleak
TXOMIN AGIRRE IKASTOLA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 13 septiembre 2016 11:35

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Ondarroako (Bizkai) Txomin Agirre ikastolak testuliburu eta azterketa bidezko ohiko ebaluazio sistema baztertzea ahalbidetzen duen Harvardeko Unibertsitatean (AEB) sortutako irakaskuntza metodologia berritzailea abiaraziko du aurtengo ikasturtean. "Ulermenerako irakaskuntza-Teaching for Understanding" deritzon irakaskuntza sistemak "ikasgaiak hobeto ulertzeko aukera eskaintzen die ikasleei, hauen ikaskuntza erraztuz eta ikasgela barruko inplikazio handiagoa lortuz", Alaine Solabarrieta ikastolako zuzendariak nabarmendu duenez.

Honela, Txomin Agirre arduradunek "180 graduko bira" eman nahi diote ikastolako irakaskuntza sistemari. Azken hilabeteotan, harremanetan egon dira metodologia berri hau sortu zuen Harvardeko Unibertsitateko Project Zero ezagutza taldeko zenbait aditurekin, hezkuntza ikuspegi berri hau ezartzeko asmoz. Gainera, urrian, AEBetako unibertsitate horretako irakasleak Ondarroako ikastolan izango dira, "mundu osoko hezkuntza goitik behera aldatzen ari den metodologia" honen ezarpena gainbegiratzeko.

Ikastola bizkaitarreko arduradunek jakinarazi dutenez, eredu pedagogiko honek, ohiko zenbait ikasgairen arteko proiektu bateratutzat planteatzen diren jorratu beharreko zenbait aztergai ditu abiapuntu. Ikasturte honetan, proiektuak Lehen Hezkuntzako Euskara, Zientzia, Natura eta Matematika ikasgaiak barne hartuko ditu, baina apurka apurka zentroan ematen diren Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako maila guztietara hedatuz joango da.

Hortaz, ikasleek zeharkako proiektuetan lan egin beharko dute, eta horietarako ez dira beharrezkoak izango testuliburuak. Gainera, ebaluazioa landutako proiektuen gainean egingo denez, ez du zentzurik ikasleei azterketa egiteak. "Orain arte, ikasleak azterketa gainditzeko ikasten zuen; orain, horren ordez, proiektuan inplikatu eta lan egin behar du, eta horrexek emango dio geroko kalifikazioa", azaldu du Solabarrietak.

"PENTSAMENDU IKUSGAIA"

Prozesuan, tresna pedagogiko bisualak, multimedia, lan kooperatiboa, adimen anizkoitzak edo pentsamenduko trebetasunak eta errutinak txertatzen dira, ikaslearen pentsamendu prozesua eta hausnarketa irakaskuntzaren ardatz bihurtuz. Irakaskuntza mota honetan, Project Zero lantaldearen barruan ere sortutako "Visible Thinking" edo "Pentsamendu Ikusgaia" delako ikuspegi pedagogikoa ere sartzen da, ikasleen hausnarketa sustatzeko.

"Harantzago joan nahi dugu; ikasleak kontzeptu bati buruz gogoeta egitea dugu helburu, zer iradokitzen dion eta ohiko bizimoduan nola erabiliko lukeen galdegin diezaion bere buruari", zehaztu du Solabarrietak, ikasleak ezagutza prozesuan "buru belarri" murgiltzen direla gaineratuz, "ikasgaiak nora eramango dituen eta zertarako balio izango dien ulertzen dutelako".

Halaber, metodologiak ondo kontuan hartu du ikasleen motibazioa. Harvardeko lantaldearen esperientziaren arabera, sistema honen bidez ikasten duten ikasleek "motibazio handiagoa dute eskolara joateko, ikasgaietan sartu eta ikasitakoa ulertu eta atxikitzen baitute".

Aurrerantzean, Ondarroako ikastolako irakasleek metodologia berri honetan trebatzen jarraituko dute. Horretarako, Project Zero lantaldeko adituekin harremanetan jarraitzeaz gain, erreferentziatzat hartuko dute Bilboko Begoñazpi ikastola, urteak baitaramatza Ulermenerako Irakaskuntza arrakastaz garatzen. "Gaur egun, ez da zilegi XXI. mendeko ikasleek XX. mendeko irakaskuntza izatea; moldatu eta egokitu behar dugu, gure ikasleak trebeak izan daitezen", adierazi du Txomin Agirreko zuzendariak.

Gainera, azken asteotan, Txomin Agirre ikastolak eraberritze lanak egin ditu bere instalazioetan, bertako esparruak beharrizan berrietara egokitzeko. Hartara, paretak bota eta beirateak jarri dira, ikasgelak argitsuagoak izan daitezen eta senideek seme-alabak kanpoko patiotik ikusteko aukera izan dezaten.

Contenido patrocinado