Osasun Sailak eta Osakidetzak 11,8 milioi euro inbertituko dute Irungo Oinaurre osasun zentroan

Archivo - Pedro Marrondo
JOSE IGNACIO UNANUE - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 3 agosto 2026 15:48

DONOSTIA 3  (EUROPA PRESS) 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak aurrerapausoak ematen jarraitzen dute Irungo Oinaurre (Donostia) auzoan osasun zentro berri bat eraikitzeko prozesuan. Guztira sei enpresa aurkeztu dira lizitaziora, proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko. Bi urteko egikaritze epea ezarri da, eta obrak 2027aren amaieran hasiko direla aurreikusten da. 11,8 milioi euro inbertituko dituzte ekipamendu berri horretan.

Jaurlaritzak jakinarazi duenez, "espazio berria 7.200 metro koadroko lurzati batean kokatuko da, Arrabatenea kalean, eta herritarrei zentro handi eta funtzionalagoa eskaintzea ahalbidetuko du, haien osasun premiei erantzuteko". Zehazki, osasun zentroak 3.500 metro koadro inguruko azalera eraikia izango du, eta 24.700 pertsonari emango die zerbitzua.

Plan Funtzionalean zerbitzu hauek izango ditu: ama-umeen eremuan hamar kontsulta, familiako medikuntzako eremuan 27 kontsulta, erabilera anitzeko eremuan lau kontsulta eta kanpo kontsultetako eremuan lau kontsulta.

Gainera, espazioaren zabaltasunari esker, lehen mailako arretako estrategiak barne hartzen dituen figura berriak sartu ahal izango dira, hala nola, optometristarena, psikologoarena, fisioterapeutarena, kPAErena (kronikotasuneko praktika aurreratuko erizaina), bai eta balio anitzeko kontsultak ere, ospitaleko espezialistak erabili ahal izateko.

Ekipamendu berri horren bidez, honako hauek lortu nahi dira: osasun zerbitzuak herritarrengana hurbiltzea, arreta komunitarioa eta prebentziokoa indartzea, osasun taldeen diziplina anitzeko lana sustatzea eta eraikinaren diseinu funtzionala, irisgarria eta jasangarria bermatzea.

ARRETA SANITARIOA HOBETZEA

Oinaurreko osasun zentro berria proiektatu da inguruko hiri eta biztanleria hazkundeari erantzuteko, lehen mailako arretarako irisgarritasuna hobetzeko eta Bidasoko ESIaren sare asistentziala modernizatzeko. Eskualde osoko arreta sanitarioa eraldatzea eta hobetzea da helburua, bai lehen mailako arreta, bai ospitaleko arreta.

Oinaurrez gain, Osakidetzak beste bi azpiegitura berri proiektatu ditu Irunen: Irun Berria osasun zentro berria eta Alarde kaleko lehen mailako arretako errefortzu zentroa. Hain zuzen ere, errefortzu zentroa gaitzeko lanak uztailean hasi dira, eta sei hilabeteko epean amaituko dira. Ekipamendu berriak eraikitzen amaitu bitartean, lokal horretan egongo dira pediatriako kontsultak.

Gaur egun, Irungo herritarrei zerbitzua ematen dieten osasun zentroak bi dira: Irun erdialdeko anbulatorioa, 1954an eraikia, azpiegitura berriak abian jarri ondoren itxiko dena, eta Dunboako osasun zentroa, 1994koa, aipatutako azpiegitura berriekin batera osasun zentro gisa jarraituko duena.

Contador

Contenido patrocinado