Santurtziko Udalak Karmengo jaietan eraso matxistak prebenitzeko kanpaina abiatu du

Santurtziko Karmengo jaietan erabiliko dituzten eraso matxisten aurkako olanak.
SANTURTZIKO UDALA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 12 julio 2023 12:42

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Santurtziko Udalak (Bizkaia) ostiralean hasiko diren Karmengo jaietan eraso matxistak prebenitzeko kanpaina bat jarri du martxan, Emakume eta Berdintasun Zerbitzuaren bitartez. Kanpainaren ekintzen artean daude sentsibilizazio materiala banatzea, herriko bizilagunak protagonista dituen bideo bat kaleratzea, hezitzaileak jai esparruan egotea eta Emakume eta Berdintasun Zerbitzuaren eta udaltzaingoaren arteko koordinazioa indartzea.

Ixone Andreu Santurtziko Udaleko Gizarte Ekintzako zinegotziak asteazken honetan kanpaina aurkezteko prentsaurrekoan azaldu duenez, "aurtengo kanpainan bereziki gizonak interpelatzen ditugu, eta indarkeria matxistaren inguran jarrera kritikoa sustatu nahi dugu, gizonek erantzukizuna bere gain har dezaten". "Emakumeok jasaten ditugun erasoak ez dira modu isolatuan ulertu behar", gaineratu du.

Horrela, Emakume eta Berdintasun Zerbitzuaren eta Santurtziko Udaltzaingoaren arteko koordinazioa indartuko da jaietan zehar. Protokolo hori aspaldi ezarri du Santurtziko Udalak, baina urteko une jakin batzuetan bereziki indartzen da, Karmengo jaietan egingo den bezala.

Halaber, uztailaren 15ean eta 22an sentsibilizazio eta informaziorako Gune Morea ezarriko da 21:00etatik 01:00etara Santurtziko Parkeko oinezkoen esparruan. Berdintasunaren arloan trebatutako bi lagun egongo dira bertan, jai giroan eraso matxista bat ikusi eta jasotzen bada zer egin behar den irakasteko.

Gainera, uztailaren 15, 21 eta 22an, kale hezitzaileak egongo dira zenbait jaigunetan eraso matxistarik bada nola erantzun behar den jakinarazteko. Sentsibilizazio materiala ere banatuko zaie txosnetako ordezkariei, hala nola 'Ez, ezetz da / No, es no' lelodun eskumuturrekoak, eranskailuak, Emakume eta Berdintasun Zerbitzuaren informazioa jasotzen duten kartelak, puntu moredun kartelak eta abar; dagoeneko 5.000 eskumuturreko, 200 kartel eta 2.000 eranskailu baino gehiago banatu dira.

Bestalde, eslogan feministen lehiaketan puntuaziorik altuena jaso duten hamar esaldiak Agirre Lehendakaria pasealekuko olanetan egongo dira ikusgai. Horrez gain, lehiaketako esaldi irabazleak dituzten 2.000 eranskailu banatuko dira.

Azkenik, festetako eraso matxisten aurkako bideoa izango da ikusgai pantailetan eta sare sozialetan. Markel Elorza Soterako arraunlariak, Oier Melsio 2022ko helduen kuadrillakiderik onenak, Javier Anton aktoreak, Oier Lapresa 2022ko umeen kuadrillakiderik onenak eta Jon Kepa Casquero 2022ko kuadrillarik onenaren kideak hartu duten parte bideoan.

Contenido patrocinado