Seaskak jasoko du 2020ko Ibilbideari Elkar saria

Seaska
SEASKA
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 7 mayo 2020 13:04

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Elkar Fundazioak erabaki du Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioari ematea 2020ko Ibilbideari saria, eskolaren bidez, 50 urte luzez euskararen alde Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egindako lana aitortzeko. Euskara eta euskal kulturaren inguruan egindako lana ezagutu eta goraipatzea du helburu Ibilbideari Elkar sariak.

Elkar Fundazioak gogoratu du urtero apirila edo maiatza inguruan egiten den Elkar sariak banatzeko ekitaldirik aurten ez dela egingo, baina sariak bai banatuko direla.

Horrela, Joseba Jaka beka Juanjo Olasagarre idazlean jasoko duela asteartean jakinarazi ondoren, Ibilbideari saria Seaskak jasoko duela iragarri du ostegun honetan.

"Guraso talde baten ekimenez, Baionan hasi eta 1969an ofizialki finkatu zen Arrangoitzen. Bost ikaslerekin zabaldu zenetik, etengabea izan da Ipar Euskal Herriko lurraldeetan egindako lana. Milaka ikasle eskolatu ditu euskaraz, eta hezkuntza euskalduntzeko akuilu izan da Ipar Euskal Herrian. Lan handia egin du eta ez baldintza onetan, oraindik euskara ofiziala ez den eremu batean egin behar baitu bere lana", nabarmendu du Elkarrek.

Horrela, "oztopoak oztopo eta, guraso eta irakasleen engaiamendu eta kemenari esker", Seaska indartzen eta zabaltzen joan dela azpimarratu du, gaur egun 37 ikastetxeko sarea eta 4.000 ikasle izatera iritsiz.

"Seaskaren ekarpena, beste hainbat ekimenekin batera, inolako zalantzarik gabe, ezinbestekoa izan da Ipar Euskal Herrian euskara gal ez dadin", ziurtatu du.

Halaber, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioa "hastapenetik eta bere iraupenenean herri ekimenaren emaitza izatea" goraipatu du: "Adibide argia da ikusteko zein baliotsua izan daiteken herri gogoa, ondo artikulatzen jakiten bada".

Azkenik, Seaskari zein Ikastolen Elkarteari onena opa die bere ibilbidean. "Jarrai dezatela euskara biziberritzeko eragile izaten, aldian aldiko egoera eta beharretara egokituz", adierazi du.

"OHORE HANDIA"

Era berean, Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak eskerrak eman dizkio Elkar Fundazioari sariagatik, eta 50 urteko ibilbidearentzako "ohore handia" dela nabarmendu du.

"Euskalgintzaren baitan, Elkarren zein ikastoletan, urratsez urrats aitzinatzen gara. Elkar eta Seaskaren arteko harremana aspaldikoa da, eta beti izan da ona. 50 urtez, Elkarreko liburu eta diskoak gure haurren altxorra izan dira. Momentu zailenetan, elkar lagunduz lortu dugu oztopoak gainditzea; lehen bezala orain, eta geroan ere lortuko dugu. Mila esker, zinez, zuen sostenguarengatik", adierazi du.

Saria Gotzon Huegun eskulturagilearen artelana da, eta, ohiko ekitaldiaren faltan, aukera dagoenean emango dio Elkar Fundazioko patronatuak Seaskari.

Contenido patrocinado