Sei hilerik behin errepide sareko ezpondak ikuskatzen ditu Bizkaiko Aldundiak, luiziak prebenitzeko neurriak hartzeko

Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 12 abril 2013 14:40

BILBO 12 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak errepideen foru sareko ezpondak ikuskatzen ditu sei hilerik behin, lur-jauzien aurkako prebentzio-neurriak hartzeko, ezpondak egoera onean kontserbatzeko prebentziozko politikaren barruan.

Foru erakundetik azaldu dutenez, ikuskapen-lanak sei hilerik behin egiten dira 414 maldetan, ibilgailuen zirkulazio kopururik handieneko bideetan zein ezaugarri berezietako beste bide batzuetan (bide-sarean saretxoak jartzeko gaitasuna dutenetan edo luizi ugari izan dituzten tokietan, besteak beste).

Zaintza-lana zehatzagoa da lau metrotik gorako ezpondetan. Era horretako ezpondak metropoli aldeko zortzi errepideetan daude (A-8ko bi tartetan, Uribe-Kostako korridorean eta Txorierriko korridorean, besteak beste) eta lurraldeko gainerako errepideetako beste 11 tokitan (Mundakako saihesbidean, Otxandiokoan eta abar).

Lur-jausiak saihesteko prebentziozko kontroleko lan horiek errepideen foru sareko gainerako bideetan ere egiten dira, baina maiztasun gutxiagorekin.

Ikuskapenak horrela egiten dira errepideetan jarduteko proposamenen artean lehentasunak ezarri behar direlako, segurtasunari eta ezponda batean akatsen bat gertatzeak errepideetako erabiltzaileei zein inguruko ondasunei erakar diezazkien ondorioak kontuan hartuta. Horrela, zirkulazio handiena duten errepideek eta luizi ugari izan dituztenek lehentasuna izaten dute ikuskapenak egiteko orduan.

Sei hilean behin ikuskatu behar diren ezpondak zehaztu ondoren, haien inbentarioa eta bakoitzaren fitxa egiten da, ezpondaren hainbat datu bilduz: ezpondaren ezaugarri geologikoak, hautemandako ezegonkortasunak edo ustez gerta daitezkeenak.

Fitxetan bildutako informazioari eta beste hainbat daturi begiratu ostean, ezponda erortzeko arriskua egon daitekeen edo ez zehazten da. Arriskurik ikusten bada, ikuskapen sakonagoak egiten dira, benetan jardueraren bat egin behar den edo ez zehazteko, eta jardueraren bat egin behar bada, zein epetan egin behar den: laburrean, ertainean edo luzean.

Contenido patrocinado