Soldata arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatu nahi du Jaurlaritzak Euskadi 2030ean

Archivo - Emakumezko langileak
LAB - Archivo
Europa Press País Vasco
Publicado: lunes, 18 septiembre 2023 16:53

GASTEIZ 18 Sep. (EUROPA PRESS) -

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzaren estrategiaren helburua dela soldata arrakala txikiena duten Europako herrialdeen artean kokatzea Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) 2030ean.

Soldata Berdintasunaren Eguna dela-eta egin ditu adierazpen horiek Melgosak, Emakundek eta emakumezko euskal enpresaburuen federazioak Gasteizen antolatutako jardunaldi baten aurkezpenean. Soldata arrakala murrizteko dauden tresnak aztertu dira topaketan, eta, sailburuarekin batera, Miren Bilbao Arabako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko idazkari nagusi eta EnpresariAK Euskadiko Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioko zuzendaritzako kideak aurkeztu di jardunaldia.

Melgosak topaketaren irekiera hitzaldian gogorarazi du gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakalak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna "errepikatzen eta betikotzen" duela gizartean, eta, beraz, horri aurre egitea "lehentasuna" dela berdintasun politikentzat.

Lehentasun horren isla da "anbizio handikotzat" jo duen Eusko Jaurlaritzaren soldata arrakala murrizteko estrategia, zeinen bitarez lortu nahi da "Euskadi, 2030erako, soldata arrakala txikiena duten
Europako herrialdeen artean kokatzea".

Adierazi duenez, Euskadi da Espainiako Estatuan soldata handienak dituen erkidegoa, urteko 31.063 euroko batez bestekoarekin. Emakumeek 28.084 euro kobratzen dituzte batez beste, eta gizonek 33.706 euro; beraz, urtean 5.622 euroko aldea dago.

Soldata arrakala murrizteko estrategia Berdintasun, Justizia eta Gizarte Segurantza Sailak koordinatzen du, Emakunderen bitartez, eta 2022-2025 ekintza-planean murgilduta dago. Estrategia horretan Eusko Jaurlaritzako sailek eta Lehendakaritzak parte hartzen dute.

Erabakiak hartzean emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bultzatzea, estereotiporik gabeko hezkuntza eta lan ibilbideak bultzatzea, enpresetan kontziliazio erantzukiderako neurriak ezartzen laguntzea, ordaindu gabeko zainketa lanak ikusarazteko eta horiei balioa emateko eta enpresei berdintasunerako diagnostikoak eta planak egiten laguntzea du helburu estrategiak, besteak beste.

Melgosak gogorarazi duenez, estrategiaren tesuinguruan, Emakundek urtero laguntzen deialdia egiten du enpresei, berdintasun diagnostiko eta plan bat egiteko laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza enpresa homologatuen kontratazioa diru laguntzeko. Halaber, Bai Sarea Berdintasunaren aldeko Enpresen Sarea bultzatzen du, eta sare horren barruan soldata arrakala murrizteko tresna batzuk diseinatu dira. Horrez gain, beste neurri espezifiko batzuk ere bultzatzen ditu, besteak beste, Konfekoop kooperatiben federazioarekin egindako akordioekin.

FAKTOREAK

Bestalde, Josune Irabien Emakundeko idazkari nagusiak soldata arraila birsortzen dituzten faktoreak nabarmendu ditu, hala nola mundu osoan dirauen segregazio horizontala eta bertikala, emakumeak okerrago ordaintzen diren lan mota jakin batzuetara baztertzen dituena; emakumeei egozten zaien zaintzaile rola eta gizon askoren erantzunkidetasun falta, horrek eragiten baitu, besteak beste, emakumeek lan malgutasun handiagoko okupazioak onartu behar izatea
eta lan-sustapenean eragin negatiboa izatea.

Azkenik, Benito Palma Symmetry Auditoria enpresako kideak eta Nerea Garcia Erein Aholkularitzakoak soldata arrakala murrizteko tresnak aurkeztu dituzte, besteak beste, ordainsarien ikuskaritza egiteko eta lanpostuak baloratzeko tresna bat. Dinof enpresak eremu honetan bultzatutako jardunbide egokia aurkeztu du.

Contenido patrocinado