Tinko elkarteak euskarara bikoiztutako ia 100 film banatu ditu, 5.000 emanalditan, bere 20 urteetan

Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 8 octubre 2014 18:39
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 8  (EUROPA PRESS)

   Tinko euskara elkarteak 20 urte bete ditu zinea euskaraz eskaintzen. Ibilbide luze honetan, elkarteak euskarara bikoiztutako ia 100 film banatu ditu, 5.000 emanalditan, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 40 udalerritako zinema aretotan eta 750.000 haurrengana iritsiz.

   Elkarteko arduradunek prentsa ohar bidez gogorarazi dutenez, 1994an Marian Galarragak Tinko euskara elkartea sortu zuen helburu argi batekin: Euskal Herriko haurrak, hemen estreinatzen diren film guztiak euskaraz ikusteko aukera izatea.

   Ordutik, Tinkon euskara zine aretoetan sarrarazi eta euskararen normalizazioa sustatzen ahalegindu dira. Horretarako, elkarteak euskarara bikoiztutako filmak zinean estreinatu eta eskola orduetan banatu ditu material didaktiko batekin lagunduta. Horrela, milaka euskal haurren lehenengo kontaktua zinean euskaraz izan da Tinkoren "Euskara Zine Aretoetara" ekimenari esker.

   Halere, orain dela 20 urte ezarritako helburu hori ez dela bete onartu du Galarragak berak. "Hasierak oso gogorrak izan ziren. Inork ez zuen proiektu honetan sinesten, pentsatzen zuten nire amets bat zela eta ezinezkoa zela. Bazirudien zine aretoak debekatuta zeudela euskararentzat. Euskal Herrian gaude eta gure hizkuntza euskara
da eta horregatik bakarrik zinea euskaraz ikusteko aukera izan beharko genuke. Baina errealitatea bestelakoa da; oraindik, euskararen presentzia zinean oso eskasa da, zoritxarrez", esan du.

20. URTEMUGA

   Elkarteak hainbat ekitaldi, promozio eta nobedade iragarri ditu urtemuga ospatzeko. Nobedade garrantzitsuenetako bat, urriaren 25ean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXV. Astean estreinatuko den "Yugo & Lala" animaziozko film txinatarra da.

   "Garrantzitsua da ez bakarrik Tinkok ekoizle txinatar bati filma zuzenean erosi dion lehenengo aldia delako, baizik eta, lehenengo aldiz, tamaina honetako animazio baten estreinaldi europarra euskaraz izango delako", azaldu du.

   Film honez gain, Tinkok pasa den 62. Donostia Zinemaldian estreinatu zen "Kon-tiki" filma eta txikienentzako "Pim & Pom" animaziozko lan dibertigarria banatuko ditu.

   Halaber, elkartearen lana eta produktuak publiko zabalari ezaguterazteko webgune berria estreinatuko dute 2015eko urtarrilean. Bertatik DVDak erosi ahal izango dira, estreinaldi eta promozioen berri izan eta ikastetxeek Tinkoren programazioa ikusteko aukera izango dute, izena eman eta datu estatistiko eguneratuak ikusi ahal izango dira.

   Tinkoren 20. urtemuga ospatzeko urriaren 15ean egingo den ekitaldian, elkartearen ibilbidean funtsezkoak izan diren bi laguni opari bana eskainiko zaie: Fernando Mikelarena artista Donostiarraren artelan bat.

Contenido patrocinado