BILBO 7 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) txikizkako merkataritzaren salmentak %3,8 gehitu dira 2025eko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, egutegiaren eraginak zuzendua eta prezio konstanteetan. Gasolindegiak kontuan hartu gabe, berriz, salmentak %3,1 igo dira, Eustat euskal estatistika erakundearen arabera.
Aurreko hiruhilekoarekin alderatzen bada, eta dagozkion urtaro eraginak kenduta, txikizkako merkataritzaren salmenten indizea %1,1 igo da urteko hirugarren hiruhilekoan.
Prezio finkoetako salmentak %3,0, %3,3 eta %10,5 igo dira elikaduran, gainerako produktuetan eta automobilgintzarako erregaian urrteko hirugarren hiruhilekoan, 2024ko hiruhileko beraren aldean, hurrenez hurren.
2025eko bigarren hiruhilekoaren aldean, berriz, urtaro eraginak kenduta eta prezio konstanteetan, automobilgintzarako erregaiaren eta gainerako produktuen salmentek %1,7nako hazkundea izan dute, eta elikagaien salmentek %1,2koa.
Elikaduraren sektorearen baitan, eta iazko hirugarren hiruhilekoaren aldean, salmentak %5,3 hazi dira elikagaiak, edariak eta tabakoa nagusi diren merkataritza ez-espezializatuan (batez ere supermerkatuak eta hipermerkatuak). Elikaduran, edarietan eta tabakoan espezializatutako merkataritzan (fruta dendak, harategiak, arrandegiak eta abar), aldiz, salmentek %3,2 egin dute behera.
Gainerako produktuen salmentei dagokienez, pertsonen ekipamenduan espezializatutako sektorean salmentak %1,6 hobetu dira (arropa, oinetakoak, produktu kosmetikoak edo higienekoak), etxeko ekipamenduan espezializatutako sektorean %1,9 (etxetresna elektrikoak, altzariak eta telekomunikazio ekipoak barne), kontsumoko beste ondasunetan espezializatutako sektorean %9,5 (besteak beste, kirol gaiak, jokoak edo jostailuak), eta Gainerako produktuak nagusi diren establezimendu ez-espezializatuetan %1,7 (korrespondentzia edo Internet).
Lurralde historikoei dagokienez, 2025eko hirugarren hiruhilekoko txikizkako merkataritzaren salmenten indizeak urte arteko igoera izan du hiruretan: Araban %5,9 igo da, Bizkaian %3,7 eta Gipuzkoan %3,0. Aurreko hiruhilekoaren aldean ere, salmenten bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan: Araban %2,0, Bizkaian %1,1 Gipuzkoan eta %0,8 igo dira.
Azkenik, txikizkako merkataritzaren sektorean landunen kopuruak %1,3 egin du gora 2025eko hirugarren hiruhilekoan EAE osoan, aurreko urteko hirugarren hiruhilekoaren aldean, eta 2025eko bigarren hiruhilekoaren aldean enplegua %0,8 hazi da.