SOZIOLINGUISTIKA KLUSTERRA
BILBO 14 Dic. (EUROPA PRESS) -
Soziolinguistika Klusterrak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) antolatzen dituzten Txillardegi-Hausnartu sarien banaketa ekitaldia izango da ostegunean, abenduaren 15ean, Bilbon, EHUren Bizkaia Aretoan, 12:00etatik aurrera, antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Irabazlea Xan Aire izan da, Ipar Euskal Herriko ikastoletan euskara sustatzeko esperientzia baten inguruko 'Elkarrekintzaren eragina euskararen erabileran: lehen pistak Ipar Euskal Herriko ikastoletan' izenburuko lanarekin. Bigarren saria, aldiz, Tolosaldeko eskoletako esku hartze bat eta Orioko gazteen hizkuntza bizipenak aztertzen dituzten bi lani emango zaie.
Xan Aireren 'Elkarrekintzaren eragina euskararen erabileran: lehen pistak Ipar Euskal Herriko ikastoletan' lanak eramango du 2.000 euroko lehen saria. Ipar Euskal Herriko testuinguru erdaldunean eraman lanketa kolektibo bezain intuitibo bati aztarna egituratu bat finkatu nahi dio lanak, elkarrekintzak haurren artean euskararen erabilera ez formala eta espontaneoa areagotzeko korrelazioa hizpide nagusitzat hartuz.
Lehen zatian, elkarrekintza eta euskararen erabilera lotzen aitzindari izan zen Uztaritzeko ikastolaren deskribapena egiten du. Hortik, bigarren zatian, ariketa konparatibo batetik, lehen pista orokorrak ateratzen saiatzen da, azken zatian lan marko baten proposamena pausatzeko.
Epaimahaiaren arabera, lan "iradokitzailea" da eta norabide interesgarrian kokatua, eta "ongi harilkatutako kontakizuna" egiten du. Esku hartze baten deskribapena egiten du eta oso ongi lotuta aurkezten ditu argudioak eta ondorioak. Zurkaitzaren rolari eta adin desberdineko ikasleen arteko harremanari arreta eskaintzea "interesgarri" ikusi du epaimahaiak.
Elkarrekintzak hizkuntza erabilera duen eragina aztertuz, ikuspegi pedagogikoa eta soziolinguistikoa gurutzatzen ditu, eta hori "potentzial handiko esku hartze ildoa da". Eskolatik bertatik eginda dagoela nabarmendu du epaimahaiak, eta ez dela kanpo begira, barne begirada baizik.
BI BIGARREN SARI
Bestalde, epaimahaiak bi bigarren sari ematea erabaki du: Imanol Artola Arretxeren 'Tolosaldeko ikasle eusleak' eta Iñaki Beristain Agirreren 'Gizarte elebidun bateko gazteen hizkuntza hautaketan eragiten duten faktoreen azterketa'.
Lehen lanak Tolosaldeko eskoletako esku hartze bat aztertzen du, eta bigarrenak, aldiz, Orioko gazteen hizkuntza bizipenak. Bakoitzak 1.300 euro jasoko ditu.
Bada, lan irabazleen egileei sariak banatzeko eta lanon laburpenak jendaurrean aurkezteko ekitaldia ostegunean izango da, abenduaren 15ean, 12:00etan, Bilboko Bizkaia Aretoan.