DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)
UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak elkarretaratzeak egingo ditu udaletxeen aurrean larunbatean, uztailaren 17an, 'Euskararekin bat' lelopean, Espainiako Auzitegi Gorenak euskararen inguruan emandako azken epaia salatzeko eta euskarak justizia behar duela aldarrikatzeko.
UEMAko zuzendaritza batzordeko kideek agerraldia egin dute hedabideen aurrean ostegun honetan, Zarautzen (Gipuzkoa), eta Auzitegi Gorenaren epaia "larria" dela nabarmendu dute.
Martin Aramendi lehendakariak, Irune Urbieta lehendakariordeak eta zuzendaritza batzordeko kideak diren Aitor Larrañaga Azpeitiko zinegotziak, Irati Urberuaga Aulestiko alkateak eta Axier Mingo Hernaniko zinegotziak parte hartu dute prentsaurrekoan.
Horrela, batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten dienez, elkarretaratzeko deia egin dute larunbaterako, udaletxeen aurrean, 12:00etan. Udalei, euskalgintzako eragileei eta herritarrei ere dei egin diete, epaia salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera kalera atera daitezen.
UEMAko zuzendaritza batzordeko kideek irakurritako oharrean, euskara "bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu" dutela salatu du, "eskuin muturreko Vox alderdi espainiarraren eskariz, EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota dituelako Espainiako Auzitegi Gorenak ere eta, euskara lehenetsiz gero, hizkuntzen koofizialtasuna urratzen dela ebatzi dute sententzian".
"Euskara, ordea, ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa, ezta ofiziala den lekuetan ere. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago, baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan baita mendeetan zehar", esan dute.
Ohartarazi dute hizkuntzak ez direla galtzen, baizik eta "desagerrarazi" egiten dituztela. "Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere. Hori da gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua", gaineratu dute.
Nabarmendu dutenez, euskal gizarteak eta euskal erakundeek, "gehiengo zabalarekin", euskarak dagokion lekua izan behar duela erabaki dute, hau da, "gutxitutakoa lehengoratzea, normalizatzea, biziberritzea".
UEMAren arabera, horretarako "ezinbestekoa" da euskara lehenestea eta euskararen aldeko erabakiak hartzea, elebitasun simetrikoa gaindituta. "Parekidetasunik ezean, berdintasuna heriotz zigorra baita. Orekak ez du balio lurrean zaudenean. Horregatik lehenesten dugu euskara. Euskaldunak garelako. Euskara delako gure hizkuntza. Euskaraz garelako. Eta euskaraz izaten jarraitu nahi dugulako", adierazi dute.
Horregatik, UEMAko kideen iritziz, udalerri euskaldunentzat "mugarria" izan zen EAEko udal legea, elebitasun simetrikoa gainditzeko eta euskara lehenesteko aukera eman zuelako, baina Gorenaren epaiak udal legea "kimatu" eta ebatzi du ezin dela "neurririk hartu hizkuntza koofizialetako bat gailentzeko, horrek berak urratu egingo lukeelako koofizialtasuna".
EPAI "LARRIA"
"Larria da epaia. Euskal gizartearen eta euskal erakundeen erabaki demokratikoaren aurkakoa ez ezik, azken hamarkadetako hizkuntza politiken aurkakoa ere badelako, eta euskara beraren ofizialtasuna ere zalantzan jartzen duelako, ondoan gazteleraren makulua ez duenean", azaldu dute.
UEMAk salatu du EAEko udal legeak hizkuntza eskubideak urratzen dituela dioela Espainiako justiziak, "beste behin ere euskaldunon hizkuntza eskubideak alde batera utzita". Gainera, kritikatu dute bereziki udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen diren udalei eragiten diela.
"Ia UEMA sortu zenetik aritu da Espainiako justizia udalerri euskaldunen jardunaren aurka, euskararen normalizazioa eta biziberritzea eragotziz. Ez ditugu ahaztu aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko oztopoak eta epaitegien ezpatapean igarotako urte guztiak", gogorarazi dute.
Horregatik guztiagatik, UEMA osatzen duten 118 udalen eta horiek ordezkatzen duten 353.000 biztanleko lurgunearen izenean, "eredu izatea eta erantzukizunez jokatzea dagokigula" gogoratu dute, eta euskaraz jarraituko dutela adierazi, "minorizazio gorrian eta larrialdi linguistikoan dagoen hizkuntzari dagokion lekua ematea baitagokigu".
"Justizia behar du euskarak, eta Espainiatik heldu dena, beste behin ere, ez da justizia, euskara bigarren mailara kondenatzen duen epaia baizik. Horregatik, aukera guztiak aztertu, eta prest gaude EAEko udal legea dagokion lekuan defendatzeko, baita Europako auzitegietan ere, zerbitzu juridikoek horretarako aukera ikusiz gero", azaldu dute.
Era berean, UEMAko kide diren 118 udalei dei egin diete epaia salatzera eta euskaldunon eskubideen alde egitera kalera atera daitezen, 'Euskararekin bat' lelopean, udaletxeen aurrean elkarretaratzeak eginez larunbatean, 12:00etan. Deialdiekin bat egitera deitu dituzte euskalgintzako eragileak eta herritarrak ere.