DONOSTIA 23 (EUROPA PRESS)
Euskararen arnasguneetako gazteek badute berriro ere sormena martxan jartzeko hitzordua, UEMAk, Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuak Arnasetik bideo-sormen lehiaketaren bosgarren edizioa antolatu baitute, eta gonbidapena egin diete 10 eta 16 urte bitarteko gazteei ikasturte honetan ere ekimenean parte hartzeko.
'Arnasa Gara' egitasmoaren barruan antolatu ohi dute lehiaketa hiru aldeek, euskararen arnasguneen garrantzia jendarteratzeko, gazteei beren herrietako hizkuntza ohiturei buruz hausnartzeko aukera emateko eta ikus-entzunezkoen bidez euskararen presentzia eta indarra erakustek asmoz, asteazken honetan Donostian egindako aurkezpen agerraldian azaldu dutenez.
Azken urteotan, Arnasetik lehiaketak gazteen sormena eta euskararen inguruko hausnarketa uztartu ditu ikus-entzunezkoen bidez. Lehiaketaren bidez, ikasleek beren herriko hizkuntza ohiturei erreparatu eta horien inguruko istorioak sortzeko aukera izan dute. Iazko edizioan, 205 sormen lan aurkeztu ziren eta publikoak 3.580 boto baino gehiago eman zituen, eta aurten ere parte hartze zabala izatea espero dute antolatzaileek.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria den Sonia Rodriguezek arnasguneak zaintzeko eta indartzeko beharra azpimarratu du, eta arnasgunen indarra lurralde osora zabaltzea erronka dela: "Arnasguneak zaindu eta indartu behar ditugu eta, aldi berean, arnasguneen indarra lurralde osora zabaltzeko gai izan behar dugu".
Ildo horretan, gazteen garrantzia nabarmendu du, horretarako "ezinbestekoak" direlako. Bere esanetan, Arnasetik lehiaketak gazteei aukera ematen die euskara beren begietatik kontatzeko, beren herria, harremanak, hizkuntza ohiturak eta mundua euskaraz adierazteko.
Aurtengo erronken inguruan, Jaurlaritzako ordezkariak bereziki esanguratsutzat jo ditu, "ezagutzea, harrera egitea eta erabiltzea euskararen biziberritzearen erdigunean jartzen dituztelako".
Bestalde, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaile Jabi Arakamak azaldu duenez, Arnasetik "10 eta 16 urte bitarteko haur-nerabeei beren herriko hizkuntza ohiturez hausnarrarazi nahi dien ekimena da, gaztetxoak horren gainean ikus-entzunezkoa sortzea sustatzen duena".
Arakamak lehiaketaren helburua ere nabarmendu du: "Euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzea, euskararen biziberritzeari eta euskararen herriari egiten dioten ekarpena nabarmentzeko".
HIRU KATEGORIA
Arnasetik lehiakertaren aurtengo edizioak adinaren araberako hiru kategoria izango ditu, eta parte hartzaileek euskarari lotutako istorioak kontatu beharko dituzte gehienez bi minutuko ikus-entzunezko lanen bidez. LH 5. eta 6. mailako ikasleek 'Dakienak, ba al daki?' erronkari helduko diote, herriko berezitasun eta esamoldeei buruzko galdera-erantzun lehiaketa baten bidez.
DBH 1. eta 2. mailakoek, aldiz, 'Ongi etorria' erronkari erantzungo diote, arnasgune batera iritsi berri den ikaskide bati ongietorria nola egingo lioketen erakutsiz, musika eta mugimendua baliatuta, eta DBH 3. eta 4. mailakoek, berriz, 'Eusle mode on' landuko dute, sare sozialetako hizkuntza erabilerari buruzko gogoeta eginez.
Aurtengo edizioaren berrikuntzen artean, ikastetxeetan lehiaketako gaiak lantzeko material berriak prestatu dira. Alde batetik, Asmazank plataforman lehiaketaren hiru kategorietako gaien inguruko galdera sortak prestatu dira, eta, bestetik, ikastetxeek bideogintzari buruzko webinar batean parte hartzeko aukera izango dute, adituen eskutik bideoak sortzeko urratsak eta metodologiak lantzeko. Saioa irailaren 29an egingo da.
Arakamak ikastetxeak eta ikasleak parte hartzera animatu ditu, eta esperientzia "ezagutza berriak, kontzientzia hartzea eta une dibertigarriak uztartzen dituena" dela nabarmendu du.
ARNASGUNEAK
Bestalde, Martin Aramendi UEMAko lehendakariak arnasguneek euskararentzat duten garrantzia gogoratu du, eta UEMAren egitekoa udalerri euskaldunak saretzea, sendotzea eta euskararen lurgunea zabaltzea dela azaldu du, arnasguneak "euskararentzat arnasa eta herri honen bihotza" direla nabarmenduz.
Aramendiren hitzetan, horregatik da garrantzitsua herritarren kontzientziazioan eta ahalduntzean eragitea, euskararen egoera ezagutarazi eta hizkuntza-ohituretan eragiteko. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean abiarazitako Arnasa Gara ekimena UEMArentzat garrantzi handikoa dela nabarmendu du, "euskararen arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzeko".
Testuinguru horretan, Arnasetik lehiaketak azken bost urteotan izan duen ibilbidea eta parte hartzea aipatu du UEMAko lehendakariak. Bere hitzetan, lehiaketak euskarari, hizkuntza ohiturei eta arnasguneen garrantziari buruz hausnartzeko balio du, baina baita sormena, talde lana eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko ere, gazteek ikus-entzunezkoekin sorkuntza lantzen duten bitartean.
IZEN-EMATEA ETA SARIAK
Aurtengo Arnasetik lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea irailaren 15ean zabaldu zen eta lanak urriaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira arnasagara.eus webgunean.
Lehiaketak aurreko urteetako sari egitura mantenduko du: hiru kategorietako irabazleek 500 euroko bonua jasoko dute, eta, horrez gain, publikoaren saria ere banatuko da, 500 euroko balioarekin.
Bonu sariak hainbat kultur produktu eta bizipenetan gastatu ahal izango dira, besteak beste, ikas-bidaian, IrisarriLand parkean, Durangoko Azokan eta EITBko 'Go!azen' eta 'Irabazi arte!' telesailen produktuetan.
Lehiaketaren sari banaketa azaroaren 26an egingo da, Lekeition (Bizkaia). Bertan kategoria bakoitzeko lan irabazleak erakutsiko dira pantaila handian dira eta dagozkien sariak banatuko dira. Sariak banatzeaz gain, gazteen sormena eta euskararekiko konpromisoa aitortuko dira eta arnasguneek euskararen biziberritzean duten garrantzia nabarmenduko da ekitaldian.