Urolako trenbide zaharreko Zestoa-Zumaia tartea bidegorri bihurtuko dute Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak

Rafaela Romero, Iñaki Arriol eta Pedro Marco
EUSKAL TRENBIDE SAREA
Europa Press País Vasco
Publicado: jueves, 24 febrero 2022 14:11

DONOSTIA 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Urolako trenbide zaharreko Zestoa eta Zumaia arteko tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu dute Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Sailak. Orain, erakunde bakoitzaren konpromisoak jasoko dituen hitzarmena prestatzen ari dira.

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak, Pedro Marco Garraio sailburuordeak eta Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak aukeztu dute ostegun honetan Gipuzkoan dagoen bidegorri sareari lau kilometro gehituko dizkion eta Urolako Bidegorria osatuko duen proiektu partekatua.

Azaldu dutenez, oso egoera eskasean dauden bi tunel izatearen zailtasuna du esku hartuko den tarteak: batek, Iraetako tunela izenekoak, 80 metro inguru ditu, ganga eraitsita dauka eta sarreretako bat itxita dago; besteak, Arroakoak, 520 metro inguru ditu, bi sarrerak itxita daude barneko luizien ondorioz, eta lau metroko sakonerako zulo bat du goialdean.

Proiektua ingurunean ahalik eta ongien integratzeko eta trenbide ondarea kontserbatzeko, Eusko Jaurlaritzak erabaki du bi tunelen egitura egonkortzeko eta lehengoratzeko zenbatekoa bere gain hartzea. Hori dela eta, Euskal Trenbide Sarea arduratuko da lurpeko bi pasabideetan lan horiek diseinatzeaz, lizitatzeaz eta egikaritzeaz.

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak bere gain hartuko ditu Narrondo eta Arroako geltoki zaharra lotuko dituen aire zabaleko plataformako bidegorriaren lanen diseinua, lizitazioa eta egikaritzea, 450.000 euroko aurrekontuarekin. Aurreikuspenen arabera, 2023. urtearen hasieran gauzatuko da. Erakundeek hitzarmena adostutako baldintzetan sinatzen dutenean, trenbide plataformari dagokion tartea lizitatuko da.

Iraeta eta Arroa auzoen arteko bidegorriaren trazadura tunel horien bitartez egingo da, eta Narrondo auzoraino jarraituko du, kota aldea gaindituz, sigi-sagan doan %8ko maldarekin, Zumaiarekin lotzen duen bidegorriaren egungo trazadurarekin bat egin ahal izateko.

Horrela, Urolako bidegorriak bailara osoa lotuko du eta Zumarragatik Zumaiara doan bizikletentzako eta oinezkoentzako bidearen parte izango da. Guztira, 36 kilometroko bide berdea izango da, desagertutako Urolako trenbideak egiten zuen eta horri izena ematen zion ibaiari laguntzen zion trazaduraren gainean.

Contenido patrocinado