BILBO 15 (EUROPA PRESS)
Xaneukier taldeak jasoko du Euskaltzaindiaren 2026. urteko Lautan Hiru laguntza, 'Komunikatzen' lanagatik. Konpainiak 2.500 euroko zenbatekoa eskuratuko du eta antzezlana 2027ko otsailean antolatuko den IX. Lautan Hiru antzerki jaialdian estreinatuko da.
Euskaltzaindiak jakinarazi duenez, antzerki ekoizpena sustatzeko laguntza 2020an sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Sariaren helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, batez ere, lan laburren sorkuntzari bultzada emateko xedez.
Horretara, aurtengo Lautan Hiru laguntza Xaneukier taldeak irabazi du, 'Komunikatzen' lan laburrari esker. Oier Garamendiren proiektua da 'Komunikatzen', eta gidoia ere berak idatzi du. Oinarri arauek azpimarratzen duten legez, antzezlana 2027ko otsailean antolatuko den IX. Lautan Hiru jaialdian estreinatuko da.
Epaimahaiko kideen arabera (Tartean konpainia, BIRA Kultura, 7Katu eta Euskaltzaindia), "testu bizia ondu du gidoigileak, hausnarketarako bideak irekitzen dituena, elkarrizketa zirikatzaileekin zipriztindua. Gainera, gaurkotasun handiko gaia jorratzen du: komunikazio-inkomunikazioarena, modu bitxian jorratu ere".
Egileak adierazi duenez, "'Komunikatzen' antzezlan esperimental eta parte hartzailea da, zeinetan komunikazioaren eta giza harremanen inguruan hausnartuko dugun, umorearen bidez".