BILBO 16 (EUROPA PRESS)
Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia Amorebieta-Etxanora (Bizkaia) iritsiko da bigarren urtez datorren asteartean, urriaren 20an, esparru digitalean ohitura osasuntsu eta jasangarriak sustatzeko asmoz. Azkue Fundazioak sustatu eta Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gazteria eta Euskara sailek babesten duten topaketak Arratia BHI, El Carmelo, Urritxe BHI, Lauaxeta Ikastola eta Zornotza LH ikastetxeetako Bigarren Hezkuntzako 252 ikasle batuko ditu Zelaieta zentroan.
Antolatzaileen arabera, gaur egungo nerabeak "smartphone gailuen eta sare sozialen boomarekin batera" jaio ziren, eta, beraz, ingurune digitala ere euren berezko habitata da, eremu fisikoa bezain beste. Berrikiago, adimen artifizialarekin kontaktua izateko eta aritzeko sarbide osoa izan dute gainera.
"Pertsonen arteko harremanak, sorkuntza prozesuak, ogibideak eta eremu profesionala, heziketa bera digitalizatu dira, baina askotariko gaitasunak garatzeko ikasketa prozesu betean dauden gazteek ez dute behar bezainbesteko laguntzarik eta heziketarik jasotzen esparru horietan ere egoki jarduteko", azaldu dute.
Hain justu, hutsune hori betetzeko ekarpena egitera dator Xare, "gazteek unibertso digitalean ere ohitura nahiz bizimodu osasuntsu eta jasangarriak eduki ditzaten". Jardunaldiotan teknologia eta lanabes berriak ezagutuko dituzte eta, batez ere, horien "erabilera arduratsua, etikoa eta kritikoa egiteko tresnak" jasoko dituzte.
Eskubide digitalak, teknopatiak edo ziberjazarpena bezalako kontzeptuak jorratuko dituzte nerabeek, baina era ludiko eta erakargarrian, ihes jokoen eta bestelako formatu dibertigarrien bitartez, batez ere ondo pasatzeko jardunaldiak dira eta.
Gazteak eta unibertso digitala bezalaxe, euskara da Xare egitasmoaren hirugarren zutabea eta beste helburu garrantzitsua, euskarazko sorkuntza eta baliabide digitalak ikusarazi nahi baititu gazteen artean. Lanabesak ezagutu ez ezik, ikasleek tresna horiek balioan jar ditzaten nahi du, "gazteak, hartzaile-kontsumitzaile izatetik, euskarazko ekosistema digitala aberastuko duten sortzaile eta garatzaile izatera pasatu daitezen".
JARDUNALDIA
Bada, parte hartzaileek Zelaieta Zentroan dute hitzordua 09:00etatik 13:45ra bitarte, eta han hiru gune izango dituzte: Pribatutasuna, Harremanak eta Ikas (tailerrak). Hiru taldetan banaturik eta beste horrenbeste txandatan, ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatuko dute.
Pribatutasuna gunean, arrasto digitalaz eta adimen artifizialaren iturriez gogoeta kritikoa egiteko hitzaldi interaktibo batekin batera, aurtengo berritasuna, 'Gezur(h)egia' izeneko abentura grafikoa izango da, eta albiste faltsuak eta enpresa teknologiko handien gehiegikeriak salatuko dituzten kazetarien azalean jardungo dira.
Harremanak gunean beste hitzaldi interaktibo batean parte hartuko dute. Kasu honetan, sare sozialetan besteekin nola erlazionatzen diren izango da hizketagaia: "nolako iruzkinak idazten dituzte besteen argitalpenetan?". Gune berean, bestalde, 'Zainduz Saretu' izeneko ihes jokoan ariko dira: besteak beste, gorroto mezuak eta 'red flag'-ak identifikatzea izango da jokoan aurrera egiteko modua.
Ikas gunean, aldiz, lanabes digitaletan trebatzeko eta horien aplikazio errealak ulertzeko sei lantegi praktiko izango dituzte gazteek aukeran: bideojokoak euskaraz, 3D inprimagailuak, errealitate birtuala, App Inventor, musika sortzeko aplikazioak, argazkilaritza tailerra, robotika eta bideomappinga.
Euskarazko unibertso digitala elikatzen diharduten profesional eskarmentudunak arduratuko dira Xare programa osatzen duten jarduera horiek guztiak gidatzeaz, besteak beste, Eragin komunikazioa, Bikonet telekomunikazioa, Talaios kooperatiba, Emaize sexologia zentroa eta Mundu Berriak berrikuntza sexologikorako elkartea, Protomakers club, Katubi ikus-entzunezkoak, Elurmaluta proiektu artistikoak eta Dj Makala.
Jardunaldiaren izaera ludikoa indartzeko eta gazteei euskarazko unibertso digitalarekin izango duten kontaktu honek oroitzapen positiboa utz diezaien, 'Egunean Behin' jokoaren zuzeneko partida kolektiboa ere jokatuko dute 252 parte hartzaileek. 09:15ean izango da hori, harrera ekitaldia bukatu bezain pronto.
Iruñeko lehen jardunaldiaren ostean, Amorebieta-Etxanokoa izango da Xare jardunaldien bigarren geraldia 2026-2027ko ikasturtean, eta ondoren, Baionara, Donostiara, Bilbora eta Gasteizera iritsiko da, besteak beste. 2017an abiatu zenetik eta 2026ra bitarte, Euskal Herri osoko 18.500 bat gaztek hartu dute parte heziketa digitala eta euskarazko kultura digitala sustatzea helburu duen Xare egitasmoan.