Zeusen Aldare Nagusiko Frisoarekin hasiko da Bilboko Berreginen Museoko "Artelana bere testuinguruan" zikloa

Zeusen Aldare Nagusiko Frisoaren zati bat
Bilboko Berreginen Museoa
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 27 septiembre 2011 14:28

BILBO 27 Sep. (EUROPA PRESS) -

Zeusen Aldare Nagusiko Frisoa Bilboko Berreginen Museoaren pieza esanguratsuenetakoa da eta "Artelana bere testuinguruan" zikloaren edizio berri bat zabalduko du. Zikloaren helburua, museoaren bildumako artelan enblematikoenak sakon ezagutaraztea da. Aukeratutako artelana, K.a. II. mendean Pergamoko (Turkia) akropolian eraikitako tenplu batean aurkitako frisoaren berregina da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoen museoak duen arte greziarraren erakusgarri hoberenetakoa da.

Museoko arduradunek adierazi dutenez, Zeusen Aldare Nagusiko Frisoa sakon ezagutu ahal izateko, hitzaldi bat eta bisita gidatu bat eskainiko dira ostegunean, irailaren 29an, arratsaldeko 18:00etan, eta sarrera doakoa izango da. "Artelana bere testuinguruan" izeneko egitarauaren helburua ikusleak artera hurbiltzea da, eskulturak aztertu eta aztertutako artelan horiek museoan dauden gainerakoekin erlazionatuko dituzten bisiten bitartez. Kasu bakoitzean Museoan erakusgai dagoen pieza bat aukeratzen da, eta artearen zein historiaren ikuspegietatik aztertzen da.

Zeusen Aldare Nagusiko Frisoa, 2011-2012 zikloari dagokion lehenengo pieza, ehun metro baino gehiago da luze, eta bi metro eta 30 zentimetroko altuera du. Hasieran tenpluko oinaldearen gainean zegoen. Bertan, Gigantomakiaren -jainkoen eta erraldoien arteko borroka- mitoa irudikatzen zen, Atenasko Partenoian zenbait mende lehenago jada irudikatutako gaia.

Museoan erakusten den artelana frisoko bi panelek osatzen dute, jatorrizko multzoaren ekialdekoak, eta Zeus jainkoa eta bere alaba Atenea jainkosa irudikatzen dituzte. Duela denbora gutxi zaharberritutako panelak 1931n eta 1933an erosi zitzaizkien Berlingo museoei.

Zeusen Aldare Nagusiko Frisoa dagoen tenplua Eumenes II.-a erregearen aginduz eraiki zen. Errege hori, Greziako herriaren aurrean K.a. V. mendearen Atenaseko distiraren ondorengo gisa agertu nahi zuen dinastia atalidako kidea zen. Hori dela eta, dinastia horretako erregeek tenpluak, Greziako santutegi garrantzitsuak eta bestelako eraikinak jaso zituzten Atenasen eta Pergamon.

Contenido patrocinado