Zinemaldiko Perlak saileko 16 film izango dira Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko hautagai

Jose Luis Rebordinos eta Jon Insausti.
EUROPA PRESS
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 10 septiembre 2026 15:34

DONOSTIA 10 (EUROPA PRESS)

Donostia Zinemaldiko Perlak saileko 16 film izango dira hautagai Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazteko, irailaren 18tik 26ra ospatuko den 74. edizioaren baitan. Donostiako Udala sariaren babesle izango da hamaikagarren urtez jarraian, eta herritarrei egindako omenaldi gisa planteatu du saria, herritarrek erabakitzen baitute, bozketa bidez, zein film den irabazlea.

Jon Insausti Donostiako alkateak eta Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak aurkeztu dituzte ostegun honetan Donostia Hiria Publikoaren Sariaren nondik norakoak.

Perlak saila nazioarteko beste jaialdi batzuetan saritutako edo goretsitako filmek osatzen dute. Proiekzioak Victoria Eugenia Antzokian egiten dira eta film bakoitzaren emanaldi ofizialera joaten diren ikus-entzuleek film irabazlea aukeratzeko botoa eman dezakete. Saria Zinemaldiaren amaierako galan ematen da.

Hain zuzen, Donostia Hiria Publikoaren Saria bi sarik osatzen dute: Film Onenaren Saria, 50.000 eurokoa, eta Europako Film Onenaren Saria, 20.000 eurokoa. "Bi film irabazleak hiriarekin betiko lotuta geratuko dira parte hartzearen medioz emandako sari horren bidez", nabarmendu dute.

Jon Insaustik adierazi duenez, "Donostian zinema herritarrena izatea nahi dugu eta gure festibalari izaera herrikoia eman nahi diogu. Publikoak ematen dio zentzua filmari eta publikoari ahotsa ematea zilegi iruditzen zaigu. Ekitaldi mundiala dugu gure hirian, nazioartean ospe handikoa, baina gurea dela azpimarratu nahi dugu, donostiarron nortasunaren adierazle, donostiarron neurrira egindakoa. Donostiarron Donostian, zineak mundu zabalera ez ezik, etxe barrura ere begiratzen du".

"Gainera, globalizazio garaiotan, pantailen kontsumoa bakardadean egitera ohituta dagoen munduan, zinemaldia komunitatean partekatu nahi dugun zerbait da. Hala ospatzen ditugu hemen gureak diren ekitaldiak eta gutaz hitz egiten dutenak. Bizi dezagun giro donostiar sano batean, beraz, aurtengo zinemaldia; eta, batez ere, goza dezagun Publikoaren Saria, Zinemaldiko perla kuttun hau", gaineratu du.

LANGABEAK DOAN

Aurreko urteetan bezala, Donostiako Udalak Zinemaldirako 1.000 gonbidapen banatuko ditu udal webgunean (www.donostia.eus), 010 telefonoan edo Udalinforen edozein bulegotan eskabidea egiten duten langabeen artean. Gonbidapenak irailaren 14tik 16ra arte eska ditzakete langabezian egonda Donostian erroldatuta dauden eta 18 urtetik gorakoak diren pertsonek.

Udalinfok datuak egiaztatu ondoren, gonbidapenak Udalinfo bulegoan jaso ahalko dira (Ijentea kalea). Bertan, nortasun agiria eta langabeziaren ziurtagiria aurkeztu beharko dira. Gonbidapenak jasotzeko epea irailaren 16ko 14:00etan amaituko da.

Azkenik, Jose Luis Rebordinosek Donostiako Udalarekiko lankidetza horren balioa azpimarratu du: "Zinemaldiak gizartearen errealitate ezberdinei adi dagoen espazioa izaten jarraitu nahi du. Filosofia hori programazioaren bidez lantzen dugu, beste begirada eta esperientzia batzuei ikusgarritasuna emanez, baina baita sari hau bezalako ekimen zehatzen bidez ere. Ekimen horiek gizarte osoa inplikatzen eta zinemara iristea errazten laguntzen dute".

Contador

Contenido patrocinado