Agerre Teatroak "Nork ikusi du Dultzinea?" eskainiko du igandean Etxarri-Aranatzen

Actualizado: jueves, 16 diciembre 2010 18:47

BILBO, 16 Dic. (EUROPA PRESS) -

Agerre Teatroa konpainiak haurrentzat zein familia osoarentzat sortutako "Nork ikusi du Dultzinea?" obra berria izango da ikusgai datorren igandean Etxarri Aranazko (Nafarroa) Kultur Etxean, arratsaldeko 17:30etatik aurrera.

Oraingoan ere, konpainia gipuzkoarrak azken ikuskizunetan gogoan hartutako elementuak erabili ditu berriro ere, hala nola Urrezko Mendeko antzerkia edota Miguel de Cervantesen "On Kixote" liburuko protagonista zein Sancho Panza eta Doltza/Teresa pertsonaiak.

Hala ere, On Kixoteren "ikuspegi zabala ematea baino, irakurzaletasuna eragitea du helburu eta haurrei, liburuekin gauza asko egin daitezkeela adieraztea. Liburuekin zaila dena aspertzea da", Maite Agirre egilearen esanetan.

Maite Agirrek idatzi eta zuzendutako pieza honek Ainhoa Pineda antzezlea, David Azurza kontratenorea, Amaia Corral txalapartaria eta Inés Martínez de Iturrate txotxongilo-antzezle eta musikaria biltzen ditu eszenatokian. On Kixoteren istorioa oinarri dutela, haurren partaidetza bultzatzea dute xede, ikuskizuna bat-batekotasunari eta jolasari zabalik dagoen heinean. Hala bada, haurrek koru bateko kide bilakatu, txalaparta jo edota txotxongiloekin jolastuko dute.