Epilepsia errefraktarioarekin eta Dravet sindromearekin lan egiten duten aditu eta medikuak bilduko dira Bilbon

Publicado: miércoles, 3 octubre 2018 16:52

BILBO, 3 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Achucarro ikerketa zentroak eta ApoyoDravet elkarteak International Congress on Dravet Syndrome and Refractory Epilepsy nazioarteko zientzia biltzarra antolatu dute Bilboko Bizkaia Aretoan, eta epilepsia errefraktarioarekin eta Dravet sindromearekin lan egiten duten nazioarteko zientzia aditu eta mediku garrantzitsuak bilduko dituzte ostegunean eta ostiralean, urriaren 4an eta 5ean.

Ikertzaileentzako lan tekniken inguruko saioak izango dira, baita 15 hitzaldi ere, askotariko gaiak jorratzeko, hala nola terapia genetikoa, terapia zelularra eta neuroinflamazioa, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.

Dravet sindromea gaixotasun arrarotzat jotzen da. Jatorri genetiko eta neurologikoa du, eta gaitz larriak eragiten ditu, hala nola epilepsia errefraktarioa, adimen gutxiegitasuna eta maila handiko jokabide nahasmenduak. Horrez gain, heriotza tasa handienetarikoa du sindrome epileptikoen artean.

Epilepsia errefraktarioa, berriz, epilepsia farmako-erresistentea duten pazienteek izan ohi dute. Gaur egun, mundu osoan epilepsia duten 50 milioi pertsonen %30-35 dira, gutxi gorabehera. Zientziaren alorrean aurrera egin den arren, kontrolatu gabe dauden paziente horien kopurua ez da gutxitu azken 25 urteetan.

Jardunaldia ezagutza zabaltzeko antolatu dute, ikerketari bide emango dioten teknologien berri emateko, eta Dravet sindromea eta epilepsia errefraktarioa duten pertsonen terapiak eta bizi kalitatea hobetuko dituzten proiektuak garatu ahal izateko.

Hizlarien artean, esparru klinikoko profesionalak eta ikertzaileak daude, baita teknologoak, ekintzaileak eta gaixotasunok dituzten pertsonen seniodeak ere. Achucarro ikerketa zentroko ikertzaile Juan Manuel Encinas doktore eta biltzarraren koordinatzaile zientifikoak adierazi duenez, "hainbat alorretako espezialistei lanerako gune bat eman nahi diegu, lankidetzak aztertzeko, zientzia ezagutzan aurrera egiteko, eta epilepsia errefraktarioan eta Dravet sindromean esku hartzen duten guztiei informaziorik berrienak helarazteko".

Halaber, ApoyoDravet elkarteko zuzendari Luis Miguel Aras Portilla doktoreak nabarmendu du garrantzitsua dela leku berean elkartea paziente eta senideak, alde batetik, eta gaixotasun larriok aldatzeko ezagutza berria ekarriko duten ikertzaileak, bestetik.