Euskaltzaindiak eta EHUk. Euskarazko Tesien II. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte

Koldo Mitxelena euskazko tesien sarien irabazleak
EUSKALTZAINDIA/EHU
Actualizado: lunes, 4 abril 2011 15:44

BILBO, 4 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskarazko Tesien II. Koldo Mitxelena sariak banatu dituzte gaur Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta Euskaltzaindiak Akademiaren egoitzan, Bilbon. Bestalde, Jesus Mari Makazagaren "Elgoibarko ahozko euskara" liburua ere aurkeztu da ekitaldian. Liburuak Akademiaren Iker bildumaren 25. zenbakia darama, eta EHUren eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Jesus Mari Makazaga liburuaren egileak eta Pello Salaburu tesiaren zuzendariak egin dute aurkezpena.

2008an, EHUk eta Euskaltzaindiak "Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria" sortu zuten, euskarazko ikerketa bultzatzeko eta sustatzeko asmoz. Sariak bi urterik behin deitzen dira, eta bost jakintza-arlotan banatzen dira: Zientzia Esperimentalak; Ikasketa Teknikoak; Osasun Zientziak; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak; eta Giza Zientziak. Irabazleek oroigarria, diploma eta 2.000 euro jaso dituzte.

Sari hauen bitartez, EHUk eta Euskaltzaindiak euskarazko tesien ekarpen bikoitza goraipatu nahi dute, batetik jakintzaren arloa zabaltzen laguntzen dutelako, eta bestetik euskararen normalizazioaren prozesuan ere guztiz lagungarriak direlako.

Gaur, Bilbon egindako ekitaldian, bigarren edizio honetako sariak jaso dituzten egileen izenak jakinarazi dira. Zientzia Esperimentalen jakintza-arloan Koldo Garcia izan da irabazlea, "Erretrobirus endogenoen detekzioa eta karakterizazioa behietan eta beste hainbat mamaliotan" tesiarekin.

Lan honetan hainbat mamalioren genoman detektatutako erretrobirus endogenoak (ERV) lanabes bioinformatikoen bidez aztertu dira. ERVak jatorri erretrobirala duten elementu genomikoak dira eta ornodunen genomen hein zabal batean detektatu dira, batez ere mamalioetan. Hala ere, elementu hauei buruzko ezagumendua mugatua da eta egindako azterketa genomikoa primate eta karraskarietara mugatu da.

Honela, ERVen identifikazioa behian eta zaldian burutu da eta ezezagunak ziren 35 erretrobirus deskribatu ditu. Erretrobirus endogenoak (ERV), infekzio erretrobirikoetatik eratorrita lerro germinaleko zeluletan sartzen diren sekuentziak dira, belaunaldiz belaunaldi genoman txertatuta transmititzen direnak.

Bestalde, Ikasketa Teknikoen jakintza-arloan Maite Oronozek irabazi du saria, "Euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena: datak, postposizio-lokuzioak eta komunztadura" tesiarekin.

Tesi-lan honen helburu nagusia euskarazko errore sintaktikoak detektatzeko eta zuzentzeko baliabideen garapena da. Garatutako baliabideak, euskararako gramatika-zuzentzaileetan eta hizkuntzen irakaskuntzarako sistemetan erabiliko dira. Erroreak detektatzeko eta zuzentzeko erabiltzen diren teknikei gainbegiratu zabala eman ondoren, hizkuntza-ezagutzan oinarritutako teknikak erabili ditu.

Lan horretatik, "Saroi" tresna sortu du tesi-egileak, erroreen tratamendua egiteko ez ezik, analisi-zuhaitzetako egituren gaineko kontsultak egiteko eta zuhaitz horietan egitura linguistikoak bilatzeko ere balio duena.

OSASUN ZIENTZIAK

Osasun Zientzien jakintza-arloko irabazlea Jaime Zubero izan da, "Goi mailako futbolari gazteen ezaugarri antropometriko eta fisiologikoen garrantzia aukeratze-prozesuan" tesiarekin. Lan honen helburua da futbolari gazteen (10-14 urte) ezaugarri antropometrikoetan eta fisiologikoetan dauden ezberdintasunak deskribatzea.

Alde batetik, maila ertaineko eta maila altuko futbolariak adin bakoitzean bereizten dituzten ezaugarriak zeintzuk diren zehaztu nahi da. Bestetik, goi mailako talde batean titularrak eta titular ez direnak bereizten dituzten ezaugarriak aztertu dira. Lan gutxitan aztertu izan da talde bateko titularren eta titular ez direnen edo hautatuen ala ez-hautatuen arteko aldeak nolakoak diren. Hala bada, jarduera horretan arrakasta lortzeko, eragina duten faktore nagusiak aztertu dira.

Halaber, Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen jakintza-arloan, J. Inazio Markok irabazi du Koldo Mitxelena saria. "Hizkuntza-eraldaketa organizazioetan: Esperientzia eta modelizazioa. dinamizazio soziolinguistikoa gizarte pedagogiaren baitan" tesiaren xedea izan da lan-munduko erakundeetan hizkuntza-normalizaziorako eraldaketari aplikatutako hizkuntza-prozesuen ingeniaritzan esku-hartzerako eredu erreferentziala garatzea.

Langile-sindikatu batean hamar urtez bideratutako esperientzia baten kasuaren azterketan oinarritu da, eta ikerketa kualitatiboaren estrategia erabili du. Bederatzi indar-ideiaren mapa eraiki du eta ENEKuS erreferentziazko egitura konfiguratu.

Azkenik, Giza Zientzian jakintza-arloan, Idurre Alonso lortu du saria, "Literaturaren irakaskuntza Hego Euskal Herriko batxilergoan, eduki kontzeptualetatik gaitasun komunikatiboetarako bidean" tesiari esker. Tesi honek aztergai du euskal literaturaren irakaskuntza Batxilergoan.

Egileak Hego Euskal Herrian kokatu du ikerketa-eremua, eta askotariko teknika soziologikoen bidez (kualitatibo nahiz kuantitatiboak) sakondu du literaturaren irakaskuntzak gaur egun dituen helburuetan, erabiltzen diren metodologietan eta lantzen diren edukietan. Tesiaren egileak azpimarratzen du euskal literaturaren irakaskuntzak, gaur egun, ez duela lortzen curriculum-legeetan zehazten diren helburuetako bakar bat ere.

Horregatik guztiagatik, egileak defendatzen du berebiziko garrantzia duela literaturaren irakaskuntzaren gainean hausnartzeak eta irakasgaia bideratzeak parametro komunikatibo, dinamiko, praktiko eta motibagarriagoetara iristeko.

"ELGOIBARKO AHOZKO EUSKARA"

Bestalde, "Elgoibarko ahozko euskara" liburua ere aurkeztu dute gaurko ekitaldian EHUk eta Euskaltzaindiak. Liburuaren egilea Jesus Mari Makazaga EHUko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria, euskaltzain urgazlea eta Euskaltzaindiko Gramatika batzordeko idazkaria da.

"Elgoibarko ahozko euskara", 2009. urtean Makazagak aurkeztu zuen doktore tesiaren emaitza nagusia da. Tesiaren zuzendaria Pello Salaburu euskaltzain osoa izan zen. Liburuak Akademiaren Iker bildumaren 25. zenbakia darama eta EHUren eta Akademiaren arteko hitzarmenaren bidez argitaratu da.

Izenburuak dioen bezala, liburuak Elgoibarko ahozko euskara du hizpide. Makazagak hizkuntzaren maila guztietan ikertu du Elgoibarko hizkera. Horretarako, Elgoibarko eta inguruko herrietako adineko berri-emaile batzuei grabatutako testuak erabili ditu. Adineko berri-emaileak izan ditu, 70 urtetik gorakoak, emakume nahiz gizonezko, eta herriko auzo guztietakoak: guztira 30 berri-emailetik gora.

Egileak bere herrikide Gotzon Garateren eta hark jasotako esaera eta esapide batzuk erabili ditu liburuko edukian zehar ibilbidea egiteko. Liburuan, kapitulu banatan aztertzen dira Elgoibarko euskararen fonologia, izenaren morfologia, aditzaren morfologia, sintaxia eta hiztegia. Hiztegiak 2.500 sarrera inguru ditu, eta berau osatzean Makazagak ahalegin berezia egin du dialektologiaren aldetik bereizgarriak diren hitzak biltzen, zaharkituak edo galtze-bidean direnak.

Beste kapitulu batean, 700 esaera eta esapide inguru bildu ditu; bai eta ahozko euskarazko jardunean adineko euskaldunek erabiltzen dituzten baliabide batzuk ere: aditzaren elipsia, elkarrizketetako interjekzioak, errepikapenak, onomatopeiak, eufemismoak, ezeztapenaren erabilera berezia, hitz-ordena bereziak, eta abar. Gure egungo gazteen jarduna hobetzeko ezinbestekoak iruditzen zaizkion baliabideak bildu nahi izan ditu, gure adinekoen jarduna bizia, naturala eta komunikatiboa egiten dutenak. Azkenik, Elgoibar inguruko herrietako hizkerekiko konparazioa ere egin du egileak.