BILBO, 16 (EUROPA PRESS)
Gabonart azokak laugarren edizioko ateak zabaldu ditu ostiral honetan Bilbon, eta datorren urtarrilaren 5era arte 46 artisau bilduko ditu Arriaga plazan egokitutako gunean. Arbaso Euskal Herriko Artisau Elkarteak antolatu du azoka, Bizkaiko Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin.
Inaugurazio ekitaldian izan dira Bernat Vidal Arbaso elkarteko presidentea, Asier Alea Bizkaiko Foru Aldundiko Turismorako eta Kanpo Sustapenerako zuzendari nagusia eta Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Ekonomia, Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia, beste hainbat gizarte, kultura eta ekonomiako eragileekin batera.
Antolatzaileen esanetan, "gure herriaren balio kulturalak bultzatzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko modu bat ere bada, eta galtzen doazen ogibideak bizi iraunarazteko. Hartara, ekimen honen inguruan, Euskal Herrietako artisautzaren eta antzinako lanbideen gailenak batuko dira".
Azokak erakutsiko dituen pieza guztiak eskulan eta artisautza prozesuen arauak errespetatuz diseinatu dira. Haietariko askotan, ordea, berrikuntzara jotzen da eta inspirazio iturria orainean eta geroan topatzen dute. "Horregatik bada, gaur egun artisau izatea garaikide izatea da", nabarmendu dute.
Halaber, Gabonart azoka dirauen bitartean, hainbat ekintza ludiko egingo dira azoka barruan artisauaren eta bisitarien arteko elkarrekintza dinamizatzeko eta, azken batean, bisitaria artisautzaren mundura erakartzeko.
Esan bezala, guztira 46 artisau izango dira azokan, gehienak bizkaitarrak, nahiz eta Euskal Herriko beste herrialdeetakoak eta kanpokoan ere dauden. Hain zuzen, Bizkaiko 28 artisau izango dira, Gipuzkoako hiru, eta Araba eta Nafarroako bana. Gainera, Kataluniako hiru artisau izango dira, Galiziako eta Gaztela eta Leongo bina, eta Aragoi, Valentzia, Asturias, Balear Uharte eta Kantabriako bana. Halaber, aurten nazioarteko azoka izango da, Portugaleko artisau batek parte hartuko baitu.
Ordezkatutako sektoreei dagokienez, zortzi bitxigintzakoak izango dira, sei ehungintzaren arlokoak, bi beirakoak eta bat metalekoa. Halaber, zeramikako zazpi eta zura lantzen duten sei artisau izango dira. Larrugintzako bost eta papera eta kartoiak lantzen dituzten lau artisauk ere parte hartuko dute. Kosmetika eta bestelakoen sektoreak bina artisau izango ditu, eta produktu modelatu, brontze eta xaboiarekin lan egiten duten bana ere izango dira.