DONOSTIA, 17 (EUROPA PRESS)
Europako zenbait herrialdetako hezkuntza ikuskaritzetako arduradunak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) elkartu dira aste honetan, Zuzendaritza Funtzioaren eta Irakasleen Lanaren Ebaluazioa (EOSLATP) deritzon proiektuko lehen jarduerak gauzatzeko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ikuskaritzak zuzentzen eta koordinatzen duen proiektuan Italia, Portugal, Lituania eta Errumaniako hezkuntza ikuskaritzek parte hartzen dute, bai eta University of Cumbria (Erresuma Batua) eta Open University of Cyprus (Txipre) unibertsitateak ere.
Proiektua Europar Batasunak finantzatzen du, eta Erasmus Plus programaren barruan kokatzen da, 2015eko deialdiari dagokion Berriztapenerako eta Praktika Onak Trukatzeko Lankidetza deituriko ekintzan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Ikuskaritzak "pozez" jaso zuen irailaren 8an proiektu hau hautatua izan zela zioen jakinarazpena. Prestakuntza lanak urtebete lehenago hasi ziren, 2014ko uztailean, hain zuzen.
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak egitasmoaren aurkezpenean Donostian adierazi duenez, garapenik onena duten hezkuntza sistemen ezaugarrietako bat irakasle talderik onena izatea da, eta horrek berekin darama irakasleen lanean etengabeko hobekuntzarako metodoak aplikatzea, ebaluazioak eginez. Ebaluazio horiek hobekuntzarako praktiken norabidea zehaztuko duten datuak eta informazioa erraztuko dute.
Horrela, Zuzendaritzaren Funtzioaren eta Irakasleen Praktikaren Ebaluaziorako 2015-2016ko Proiektuak bi arretagune nagusi ditu: eskoletako zuzendaritzen lidergoaren garrantzia batetik, eta eskola sistemaren kalitatea irakasleen praktikaren bitartez hobetzeko premiak bestetik. Proiektuaren amaieran, bateratutako irizpide eta adierazleak bilduko dira praktika onen bi gidatan, Europa mailan erabiltzeko.
Proiektuaren oinarri nagusia zuzendaritza funtzioaren eta irakasleen praktikaren ebaluazioak hezkuntza sistemen kalitatearen hobekuntzan duen garrantzia da. Gainera, Europako Batzordearen ildoekin bat, hezkuntza arloko eragilerik garrantzitsuenen garapen profesionalerako lankidetza eta itunak sustatzen ditu, eta praktika onak truka daitezela eta ikuspegi berritzaileak garatu daitezela bultzatzen du, Erasmus Plus programaren asoziazio-ekintza estrategikoen bitartez.
HELBURU NAGUSIAK
Egitasmoaren helburu nagusiak honako hauek dira: zuzendaritza funtzioaren eta irakaskuntza funtzioaren ebaluazioarekin loturik dauden irizpideak, adierazleak eta praktika onak identifikatzea; irakasleen ebaluaziorako tresnak eskaintzea, beren praktika profesionala hobetzeko; eta irakasleentzako prestakuntza programak diseinatzeko informazioa eskaintzea.
Eusko Jaurlaritzak nabarmendu du Heziberri 2020 Planak jasotzen duela irakasleen ebaluazioaren beharra, bai eta horrek hezkuntza sistemarako duen garrantzia ere. Curriculum Dekretuek identifikatzen dute irakasleen profil egokia zein den, eta orain Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila ebaluazio hori nola egin definitzen ari da, aipaturiko profil hori erdiesten laguntzeko. Datorren ikasturtean euskal hezkuntza sistemak martxan ipiniko ditu irakasleen ebaluazio horiek, irakasleen hobekuntza beste helbururik gabe, eta une oro ikasleei formazio onena eskaintzea gogoan hartuta.
Proiektu europarraren jardueren artean honako hauek nabarmendu daitezke: bilera transnazionalak, trukerako bitarteko gisa; zuzendaritzaren eta irakasleen funtzioen ebaluaziorako irizpideak bazkideen artean bateratzea xede duten prestakuntza ikastaroak; edo beste herrialdeetara bisitak, haien ebaluazio prozesuak ezagutzeko. Amaierako txostena -2017rako dago aurreikusia- Europako Batasuneko hezkuntza-eragile guztien esku egongo da.
Proiektu honetako parte hartzaileek bat egingo dute Bilbon, Gasteizen eta Donostian aste honetan egiten ari diren jardueretan. Topaketa horretan, hainbat eskualdetako hezkuntza kudeaketaren ebaluazioa aztertuko dute, baterako lan esparruak sortuko dituzte, eta praktika onen kudeaketa bultzatuko dute.