Street Art Topaketa uztailaren 14an eta 15ean egingo da Donostian

Parte hartzaileek horma irudi bat margotuko dute
ARRIGORRIAGAKO UDALA
Actualizado: viernes, 30 junio 2017 12:38

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

Donostiako Udaleko Gazteria Sailak eta Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu Udal Zerbitzuak Street Art Topaketa antolatu dute 16-25 urteko gazteen sormena sustatzeko eta kale artea diziplina artistiko moduan aitortzeko asmoz. Programa uztailaren 14an eta 15ean egingo da, Donostiako suhiltzaileen egoitzan, eta kale artearekin erlazionaturiko ekintza aukera zabala eskainiko du. Izen emate epea uztailaren 11ra arte zabalik dago, eta interesatuek Gazteria Saileko webgunearen bidez eman dezakete izena: www.donostia.eus/gazteria

Antolakuntzak jakinarazi duenez, ekimenean parte hartzeko plazak mugatuak dira eta eskainitako plazak baino izen emate gehiago jasotzen badira, Gazteria Sailak zozketa publikoa egingo du uztailaren 12an. Adin txikikoek aita, ama edo tutoreen baimena izan beharko dute ekitaldian parte hartzeko, eta hautatuek 12 euroko kuota ordainduko dute.

Street Art Topaketaren baitan izango diren jardueren artean daude bisita gidatua suhiltzaileen parkean, oinarrizko formakuntza kale arte eta muralismoaren inguruan, eta horma irudi bat margotzea. Parte hartzaileek bi profesionalen laguntza izango dute eta material guztia antolatzaileek eskainiko dute.