Xuxen 5 euskarazko zuzentzaile berria sarean da

 

Xuxen 5 euskarazko zuzentzaile berria sarean da

Ezkerretik eskuinera: Leire Cancio, Xabier Artola eta Itziar Cortés
ELHUYAR
Actualizado 2015/11/10 13:41:59 CET

DONOSTIA, 10 (EUROPA PRESS)

   Xuxen 5 zuzentzaile ortografiko eta gramatikal berria aurkeztu da astearte honetan Usurbilen (Gipuzkoia), Elhuyarren egoitzan egindako ekitaldian. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) IXA Taldeak eta Elhuyarrek eman dituzte zuzentzaile berriaren xehetasunak.

   Leire Cancio Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia, Xabier Artola EHUko Ixa Taldeko ordezkaria eta Itziar Cortés Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateko kidea izan dira tresna berria aurkezteko arduradunak.

   Bi hamarkada igaro dira Xuxen euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoa sortu zenetik, eta ekitaldian gogorarazi dute hizkuntzalari eta informatika ingeniariek elkarlanean sortutako sistema hark "iraultza" ekarri zuela ordenagailu bidez testuak euskaraz idazten dutenontzat.

   Hasierako Xuxen sortu zenetik, haren hainbat bertsio sareratu dira (Microsoft Officerako, OpenOffice.org eta LibreOfficerako, web nabigatzaileetarako, Adobe Indesign-erako eta abar), eta, ortografia akatsak detektatzeaz gain, proposamen gramatikalak egiten ere ikasi du Xuxenek.

   Halere, informatikan oso azkar gertatzen dira aldaketak, eta programa eta aplikazioak etengabe eguneratzen dira. Gainera, euskaran ere gertatzen dira aldaketak: Euskaltzaindiak arau berriak egiten ditu, hitz berriak sortzen dira eta abar.

   Horiek denak kontuan hartuta, Xuxen ere eguneratuz joan da. 2014an, xuxen.eus webgunean txertatu ziren eguneratze guztiak, eta gizartearen esku jarri ziren ordura arteko bertsiorik berrienak. Orain "beste jauzi bat" eman da, eta IXA Taldeak eta Elhuyarrek Xuxen 5 jarri dute sarean, doan deskargatzeko (xuxen.eus/bertsioak).

   Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko eta Elhuyar hiztegietako azken aldaketak txertatu dira euskarazko lehen zuzentzaile ortografikoaren datu basean, eta erregela gramatikalak berritu dira, Microsoft Office-rako sortu den azken zuzentzaileak proposamen ortografiko, lexiko eta gramatikal eguneratuak egin ditzan. Xuxen 5 zuzentzaileak, idazten ari dela, gorriz azpimarratzen ditu akats ortografikoak, eta horiek nola zuzendu proposatzen du.

La actualidad más visitada en EuropaPress logo: La actualidad más vista
Esta web utiliza cookies propias y de terceros para analizar su navegación y ofrecerle un servicio más personalizado y publicidad acorde a sus intereses. Continuar navegando implica la aceptación de nuestra política de cookies -
Uso de cookies