11 hildako izan dira EAEko errepideetan udako irteera eta itzulera operazioan, iaz baino hiru gehiago

Archivo - Auto pilaketa bat
EUROPA PRESS - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 4 septiembre 2025 12:10

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko Zuzendariak udako irteera eta itzulera operazio bereziaren balantzea egin du eta ezbehar tasaren zifra "kezkagarria" nabarmendu du, ekainaren 26tik abuztuaren 31ra bitartean 11 pertsona hil baitira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) errepideetan, 2024an baino hiru gehiago.

Aitzitik, Olabarrik jakinarazi duenez, behera egin du istripuen kopuruak (%6,7 gutxiago), 1.154 gertatu baitira, iaz 1.237 izan ziren bitartean. Orobat, zauritu larriak %17,5 gutxiago izan dira (66 aurten eta 80 iaz), eta zauritu arinak %8,6 gutxiago (523 aurten eta 572 iaz).

Udan hildako 11 pertsonetatik sei Gipuzkoan hil dira, hiru Araban eta bi Bizkaian, eta %55 kolektibo kalteberetakoak izan dira (hiru motorzale, bi oinezko eta txirrindulari bat).

Bide motaren arabera, zazpi pertsona errepide arruntetan hil dira, eta bina herri barruko bideetan era autobideetan. Hildakoak izan dituzten istripuen %60 alkohol kontsumoagatik, gehiegizko abiaduragatik edo distrakzioengatik gertatu dira.

Udan izandako hildako kopurua kontuan hartuta, urtea hasi denetik 30 pertsona hil dira EAEko errepideetan, horietatik 14 Gipuzkoan, 12 Araban eta 4 Bizkaian.

Olabarri "oso kezkatuta" agertu da hildakoen kopuruaren bilakaerarekin. Bere hitzetan, "ez dugu zalantzarik guztion ardura dela gure errepideak leku seguru bihurtzea. Denok jarri behar dugu zerbait gure aldetik".

"Erakundeok istripu gehiago ez gertatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen jarraitu behar dugu, hala nola kontrol eta sentsibilizazio kanpainak edo erakundeen arteko koordinazioa, eta gidari, bidaiari eta oinezkook kontu handiz ibili behar dugu eta errepidean dauden arriskuez jabetu behar dugu", nabarmendu du.

Bestalde, 2025eko udako irteera eta itzulera operazio berezia amaitu ondoren, urtez urte erregistratzen ari den ibilgailuen zirkulazioaren bolumenaren goranzko joera berretsi da. Aurten, gainera, hazkundea aurreikuspenen gainetik egon da, hala nazioarteko trafikoan nola barneko trafikoan.

Horrela, Europatik Portugalera eta Afrika iparraldera bidean EAE zeharkatu duten ibilgailuen kopurua %5,5 hazi da 2024aren aldean, aurreikuspenek iragartzen zuten %3,8aren gainetik. Kalkuluen arabera, aurtengo udan ibilbide luzean egindako joan-etorriak 4.284.000 izan dira, hau da, 2.142.000 ibilgailu inguruk zeharkatu dute EAE irteeran eta beste horrenbeste itzuleran.

Zifra horiek uda hasieran egindako aurreikuspenak gainditu dituzte, eta nazioarteko trafikoaren gorakada Gipuzkoan nabaritu da bereziki, batez ere itzulera fasean Biriatuko ordainlekuan abuztuko azken bi asteburuetan.

BARNEKO TRAFIKOA

Bestalde, barneko trafikoari dagokionez, ohikoa denez, trafikoaren intentsitate handiena A-8an pilatu da, Kantabriako mugan, ia %4,75 egin baitu gora, %3ko aurreikuspena gaindituz.

Orobat, Eusko Jaurlaritzak Armiñongo lotunean, AP-1/N-622 loturan Gasteizerako noranzkoan eta N-622/A-1 lotunean Burgos-Madrilerako noranzkoan jarritako operatiba bereziei esker, trafikoa arina izan da joan-etorri asko izan diren aldietan.

Era berean, A-8an, Barakaldo eta Kantabriako muga artean, ibilgailu gehien pilatzen diren asteburu eta jaiegunetan zirkulazioa arintzeko eta bide segurtasuna hobetzeko helburuarekin Jaurlaritzak hitzartutako garabiak 14 erreskate egin ditu (bederatzi matxuragatik eta bost istripuagatik), 2024ko udan 15 egin zituen bitartean.

Contenido patrocinado