24. Korrika 2026ko martxoaren 19tik 29ra ospatuko da, 'Euskara gara' lelopean, Atharratzetik Bilbora

24. Korrika Aurkeztu Dute
AEK
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 13 noviembre 2025 12:40

GASTEIZ 13 (EUROPA PRESS)

AEK-k antolatutako Korrikaren 24. edizioa 2026ko martxoaren 19tik 29ra ospatuko da, 'Euskara gara' lelopean, Atharratzetik (Zuberoa) Bilbora. Omendua Errigora ekimena izango da, laguntzaile kanpaina martxan da eta Korrikaren doako aplikazio berritua eskuragarri dago jada.

24. Korrikaren aurkezpen ekitaldia egin da ostegun honetan Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean, eta, AEK-ko kideekin batera, Korrikaren bidelagunak eta Gasteizko euskalgintzaren lagin bat ere bildu dira ekitaldira.

Oraingoan, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Zuberoako Atharratzen hasiko da, martxoaren 19an, eta, hamar gau eta hamaika egunen buruan, Bilbon amaituko da. Bertan, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz gain, egun osoko jai egitarauaz gozatzeko parada izango da.

Ane Pedruzok eta Jon Basagurenek gidatu dute aurkezpen ekitaldia, non AEKren Nazio Kontseiluko kide Maialen Begiristain Grado eta Lurdes Etxezarreta Artabe igo diren oholtzara.

Hasteko, Begiristainek nabarmendu du Korrikaren 24. edizioak erakusten duela euskara "herritar guzti-guztiontzat aterpe ireki eta erosoa" dela: "Berdin da zer jatorri, zein azal kolore, euskararen inguruko nolako ezagutza. Garrantzitsuena da guztiontzako lekua dagoela, eta bertan, euskararen baitan, guztion artean eraikita, azkenean aurkituko dugula gizarte zapalkuntza orotik babestuko gaituen komunitate berdinzale eta zabala, gure herrian, euskararen herrian, mundu oso bat sartzen baita".

Bestalde, Etxezarretak hiru mezu helarazi dizkio jendarteari. Batetik, euskara ardatz duen komunitatean eroso eta aske bizitzeko nahia azpimarratu du: "Euskal Herri euskalduna, feminista, antiarrazista eta goxoa izango delako gurea".

Bigarrenik, presa aipatu du: "Helburu dugun Euskal Herria lortzeko, ezin dugu ezer geroko utzi, orain da unea". "Larrialdi linguistiko bete-betean gaude, eta ziklo berri bat abiatu behar dugu, inguruari eta gaur egungo aldaketei so eginda", gaineratu du.

Hirugarrenik, mezua instituzioei helarazi die, eta, euskararen ekosistema babestu eta indartzeko, "hizkuntza politika ausarta eta sendoaren beharra" aipatu du.

Ondoren, Korrikaren mezua azaltzeko, Ane Elordi Alburquerque Korrika arduradunak adierazi du 'Euskara gara' leloak jendartea duela helburu. "Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga, arnasa baizik. Euskara zubi gisa landu behar da. Euskal herritar guztion hizkuntza komuna izan dadin nahi dugun heinean, kohesio sozialerako tresna ere izango da", esan du.

Bere hitzetan, "Euskal Herriak arnasa berria behar du; euskararen herrira jauzi egin nahi duten guztien herria gara, berton jaioak izan zein kanpotik etorri. Euskara da gure arnasa, elkarren zaintzaren hizkuntza, justizia sozialaren hizkuntza".

ERRIGORA

Bestalde, 24. Korrika aitortza egingo dio euskaratik, euskararentzat eta euskaraz lanean ari den Errigora ekimen herritarrari, "egiten ari den ahaleginarengatik", eta babesa ere adieraziko dio aurrera jarrai dezan bultzatzeko.

Elordik adierazi duenez, "Nafarroan, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskalduntzean egiten duen esfortzua aintzatzeko era da, baita etorkizunerakoan hauspoa emateko ere".

Era berean, Elordi esker onez agertu da Korrika laguntzaile eta Korrika egiten laguntzen duten guztien aldera, baita Gasteizko euskalgintzatik bertaratu diren kide eta euskaltzaleen aldera ere. "Guztioi esker, euskara gara", esan du.

Aurkezpenari amaiera emateko, arduradun nagusiak lekukoa altxatu du, eta AEKren Nazio Kontseiluko kideekin batera (Maialen Begiristain, Lurdes Etxezarreta, Bixente Claverie, Xabi Gartzia eta Aize Otaño), Korrikaren deiadarra aditzera animatu du jendartea.

Korrikaren doako aplikazio berritua eskuragarri dago jada Android eta IOS sistema operatiboentzat, eta Korrika dendak zabalik daude hiriburuetan, baita sareko denda ere.

Contenido patrocinado