59. Durangoko Azoka hasiko da ostegunean

Elkar Musikaren erakusmahaiak prestatzen
DURANGOKO AZOKA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 4 diciembre 2024 11:42

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Durangoko Azokaren 59. edizioa hasiko da ostegunean, abenduaren 5ean, 'Hartzea ematea da' lelopean, eta 153 parte hartzaileren 274 erakusmahai izango ditu Landako Gunean igandera arte, 933 kultur nobedade aurkezteko. Gainera, 200 ekitaldi inguru programatu dira.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Azokak Ikasle Goizarekin ekingo dio 59. edizioari, eta haiei eskainitako tailerrak egongo dira ostegunean gunez gune. Edonola ere, azoka zabalik egongo da bisitari guztientzat.

Ostiralean, abenduaren 6an, Gazte Eztanda ospatuko da. Egitarauan gazteei zuzenduriko ekintza ugari txertatu dira, egun osoko plana egin ahal izan dezaten, eta gauez ere kontzertua egongo da Landako plazan instalatuko den karpan, Nekktar, Naxker eta Xaukena Xauk taldeekin. Egun osoko jaialdira joateko autobusak antolatu dira Gasteiztik eta Iruñetik.

Guneei dagokienez, Talaia gunean Euskaraldiaren kantua emango da ezagutzera, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egingo da, eta EITBrekin lankidetzan sortu den 'BaDAbil' bideopodcastaren azken saioa azokako azken egunean bertatik bertara grabatuko da, jendaurrean.

Museoan Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa dago ikusgai, eta horren harira, hitzaldi bat eta bisita gidatuak antolatuko dira eta Basterretxeari omenaldia egingo zaio larunbatean, abenduaren 7an, Landako Guneko areto nagusian. Bestalde, Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza minorizatuetako editoreen topaketa antolatuko du museoan.

Era berean, Ahotsenean 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira, eta "belaunaldi askotako sortzaileek transmisioaren katebegia gorpuztuko dute". Plazara lehen aldiz agertuko direnekin batera ariko dira urteetan euskaraz sortzen ari diren idazle eta musikariak. Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean egongo da, parkeko eremuan, eta Ahotsenea Musika, ostera, Plateruenean.

Irudienea euskarazko zinemagintzaren plazan 40 lan eskainiko dira. Umeentzat hainbat lan egongo dira, esaterako, 'Irabazi arte' telesailaren estreinaldia. Hainbat zinemagile gazteren lanak ere ikusi ahalko dira, besteak beste, Ane Berriotxoaren 'Nire amaren etxea' eta Jone Arriolaren 'Hor konpon'. 'ITOIZ, udako sesioak' dokumentalaren teaserra ere aurkeztuko dute egileek.

Kabia gunean euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutzeko aukera izango, horien artean hitanoa erabiltzeko 'AppaHi!' aplikazioa. Tailerrak, jokoak eta solasaldiak ere egongo dira; Elhuyarrek, adibidez, adimen artifizialaren aukera eta mehatxuen inguruko eztabaida antolatuko du.

Saguganbaran haurrei eskainitako 25 ekitaldi programatu dira, hala nola aurkezpenak, irakurketak eta tailerrak. Berrikuntza bezala, gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburua aurkeztuko du Julian Rodriguezek. Ostiralean, Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaok egingo duten liburu aurkezpenerako gonbidapenak banatuko dira egunean bertan, 10:30ean, Saguganbarako sarreran.

Szenatokia arte eszenikoen gunean, hamar konpainiak obra laburrak eskainiko dituzte; gehienak antzerki lanak izango diren arren, dantza eta bakarrizketak ere izango dira. Nabarmentzekoa da proposamenetako hainbat sexualitatearekin eta genero gaiekin lotuta egongo direla, besteak beste, Las Paralelas konpainiaren 'Odola' izeneko pieza performatiboa, hilekoari buruzkoa, eta Libe Mendizabal eta Zaloa Zamarreñoren 'Ontziratuak' izeneko lana. Karrika antzerki talde durangarrak ere obra berria aurkeztuko du.

KARTELA

59. Durangoko Azoka iragartzeko kartela Udatxo eta Balu artistek sortu dute, eta, beraiek proposatuta, ostiralean azokan egongo dira, kartelak bisitariei banatzen eta sinatzen.

Halaber, ostiralean bertan, Marramiau sorkuntza kolektiboak 'Argizagi. Zubiak adiskidetasunerantz' telesaila estreinatuko du bi emanalditan, Saguganbaran eta Irudienean. Iazko Sormen Bekaren emaitza da.

Azoka Telebistak 'Hartzea ematea DA' izeneko magazinea ekoiztuko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahal izango da, tokiko telebistetan, azokako webgunean, Youtuben eta ETBn, hain zuzen.

PUNTU MOREAK

Bestalde, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa prest egongo da Azoka egunetarako. Horrela, puntu moreak ezarriko dira, eta norbaitek beharra izango balu, bertara jo ahalko luke. Landako Guneko Info puntua eta txapa morea soinean eramango duten antolatzaileak izango dira puntu more horiek.

Era berean, Durangoko Azokaren 60. edizioa ospatuko da datorren urtean, eta, horren harira, gaur eguneko azokaren argazkia emango duen ikerketa egiten hasi da antolakuntza. Inkestatzaileek bisitariengana joko dute iritzia eskatzeko, eta sortzaileekin eta partaideekin ere beteko dituzte galdetegiak beste fase batzuetan.

Azokaren ordutegiari dagokionez, iazko eredua mantenduko da, igandeko itxiera aurreratuta. Hortaz, azoka 10:30ean zabaldu eta 20:00etan itxiko da egunero, baina abenduaren 8an 18:00etan zarratuko da.

Azkenik, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu diete bisitariei, eta autoz joatekotan, ostiraletik igandera autobus zerbitzua jarriko da Iurretako autobide irteerako aparkalekutik Landakora.

Contenido patrocinado