Adimen artifiziala ikaskuntza prozesuan erabiltzeko orientabideak batu dituzte gida batean

'Hezkuntza-Eremuan Adimen Artifizialak Erabiltzeko Gida' Aurkeztu Dute
EUROPA PRESS
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 19 junio 2025 12:39

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Elhuyarren 'Hezkuntza-eremuan Adimen Artifizialak Erabiltzeko Gida' landu dute, hezkuntzaren etapa eta arlo guztietako irakasleei zuzenduta. Lanaren helburua da hezkuntzaren esparruan adimen artifiziala erabiltzeko orientabide argiak eskaintzea eta adimen artifizialeko teknologien inguruan hausnartzeko lagungarria izatea.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak eta Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak aurkeztu dute gida ostegun honetan, Bilboko Miguel de Unamuno bigarren gezkuntzako institutuan.

Adimen artifizialeko teknologiak gizarteko hainbat esparrutan zabaldu diren testuinguruan, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hezkuntzan nola erabili aztertu nahi izan du.

Pedrosak adierazi duenez, "hezkuntzan ezinbestekoa da gai honi heltzea. Beste teknologia guztiekin bezala, baliabide horien erabileraren inguruan hausnartzea beharrezkoa da, aukerak eta arriskuak aztertu, eta sortzen diren dilema etikoen inguruko erabakiak hartu".

Hezkuntza Sailak eta Elhuyarrek egin dute gida, Berritze Nagusiaren eta Tknikaren kolaborazioarekin, eta partaidetza prozesu baten bidez kontrastatu da, Euskadiko ikastetxe publikoetako 16 irakasle eta IKT arduradun adituekin batera.

Gidak Hezkuntza Sailaren eta Elhuyarren konpromiso pedagogiko eta etikoak jasotzen ditu, eta bi printzipio nagusi ditu orientazio gisa: ikaslearen garapen pertsonala eta akademikoa erdigunean jartzea, eta aurrez aurreko harremanak ordeztu gabe hezkuntza komunitatearen kohesioa indartzea.

Printzipio horiek bat datoz Hezkuntza Sailaren eta Elhuyarren konpromisoarekin, hau da, pertsonen duintasuna eta autonomia babestea, datuen pribatutasuna eta aukera berdintasuna bermatzea, eta jasangarritasuna eta gardentasuna lehenestea.

Abrilek nabarmendu dutenez, "gida hau nazioarteko gomendioetan eta ebidentzia zientifikoetan oinarritzen da, eta hezkuntza komunitateari tresna digitalak modu arduratsuan erabiltzeko tresna praktiko eta estrategikoa eskaintzen dio".

Gida hezkuntzaren etapa eta arlo guztietako irakasleei zuzenduta dago, beren jardunean lagungarri izateko. Adimen artifizialaren erabilera arduratsua eta etikoa proposatzen ditu, oinarri pedagogiko sendoetan errotua.

Gidak gaur egungo egoerari erantzun nahi dio, kontuan hartuta horrelako teknologiek dituzten mugak eta sortzen dituzten zalantzak eta dilema etikoak. Irakasleak, hortaz, "zuhurtziaz" jokatu beharko du teknologia horiek erabiltzeko hautua egiten badu, eskura dituzten tresnak ez baitira "neutroak".

GAIAK

Gidan aztertu diren gaiak dira adimen artifizialak nola funtzionatzen duen, adimen artifizialaren arriskuak eta mugak, legediak, irakasleentzako adimen artifizialeko baliabideen aukeraketa eta txatbotak erabiltzeko aholkuak, besteak beste.

Etapa eta ikasgai ezberdinetarako erabilera adibideak ematen ditu, erabilitako agindu zehatzekin, eta arriskuez ere ohartarazten du. Adimen artifiziala ikasteko nola erabili, euskararen erabilera, adimen artifizialaren erabilera etxeko lanetan eta hezkuntzan adimen artifizialak ekarriko dituen aldaketak ere aztertu dira lanean.

Orain, ikastetxe bakoitzak erabaki eta planifikatu beharko du nola jokatuko duen ikastetxe mailan adimen artifizialarekin: erabiltzea erabakitzen bada, nork erabiliko duen eta zertarako, zer trebakuntza beharko den, zer tresna erabiliko diren, nola aurre egingo zaion aurreikustea.

Gidak gogorarazten du 13 urtera arte ezin direla erabili ChatGPT moduko txatbotak, eta ordutik aurrera, erabilera planifikatua eta neurtua izan behar dela, tresnak noiz, nola eta zertarako erabiliko diren zehaztu beharko delarik.

Baliabideei dagokienean, kontuan izan da irakasleentzako erabilgarriak izatea, Europan eskuragarri egotea, doako aukera izatea, euskaraz ondo funtzionatzea eta bigarren hezkuntzako ikasleek gehien erabiltzen dituztenak izatea.

EUSKARA

Bestalde, Hezkuntza sailburuak gogorarazi duenez, gaur egun eskura dauden eredu erabilienek ondo egiten dute euskaraz, baina adimen artifizial ereduak entrenatzeko erabiltzen diren datuetan askoz txikiagoa da euskarazko testu kopurua beste hizkuntzetakoa baino.

Horrela, euskal kulturari edo errealitateari buruz galdetzen bazaio, erantzunak okerrak edo eskasak izan daitezke.

"Horren aurrean, hezkuntzatik badugu zer eginik. Guk geuk tresna horiek euskaraz erabiliz, gure hizkuntzaren biziraupenean eta eguneroko erabileran lagunduko dugu. Euskararen etorkizuna eta burujabetza digitala aktiboki lantzea gure esku ere badago", ondorioztatu du.

Contenido patrocinado