AEBko euskal diasporaren ehundik gora testigantza bildu ditu 'Diasporako Ahotsak' plataformak

AEBko euskal diasporaren ehundik gora testigantza bildu ditu 'Diasporako Ahotsak' plataformak
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 2 marzo 2026 16:57

BILBO 2 (EUROPA PRESS)

Badihardugu Deba Ibarreko euskara elkarteak Amerikako Estatu Batuetako (AEB) euskal diasporaren hainbat belaunalditako ehundik gora testigantza bildu ditu 'Diasporako ahotsak' plataforman, haien bizitza historiak eta euskararekin duten harremana ezagutzeko, 'Ahotsak' egitasmo orokorraren baitan, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazi dutenez.

'Ahotsak' proiektuan bi hamarkada baino gehiago daramatzate Euskal Herriko ahozko ondarea eta euskalkiak batu, zaindu eta zabaltzen, eta orain, 'Diasporako Ahotsak' ekimenarekin, Badihardugu euskara elkarteak "beste urrats bat eman du", Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Proiektu honi esker, 'Euskal Herriko Ahotsak'-i euskal diasporako ahotsak batu zaizkie, eta hala, "euskara kultur nortasunaren erdigunean ipini dute, muga geografiko guztien gainetik".

'Euskal Diasporako Ahotsak' egitasmoaren helburu nagusia euskal diasporako euskaldunen testigantzak batzea da, belaunaldiz belaunaldi diaspora osatu dutenena: haien bizipenak, euskararekin duten harremana eta Euskal Herriarekin duten lotura. Elkarrizketa sakonak eginez, emigrazioak, euskararen transmisioak eta nortasun hibridoen eraikuntzak baldintzatutako bizitza historiak jasotzea da asmoa, euskal herritarren oroimen kolektiboa sendotzeko.

Euskal Herrian hasi ziren elkarrizketekin, euskal diasporan bizi izan direnak eta bisitan datozenak elkarrizketatzen. Alabaina, landa lan handiena AEBn egin dute: 100 grabazio ordu baino gehiago batu dituzte, euskal diasporako 106 pertsonaren testigantzak eta bizitza ibilbideak.

Idoia Etxeberria eta Itziar Sapsootham Badihardugu elkarteko kideek hilabete eta erdiko bidaia egin dute, bost estatutan zehar: Idaho (31 elkarrizketa), Oregon (1), Utah (6), Nevada (29) eta Kalifornia (39); guztira 37 emakume eta 69 gizonezko elkarrizketatu dituzte. Bildutako ikus-entzunezko materiala "oso baliotsua" da, jaioterritik urrun dauden testuinguruetan euskarari nola eutsi dioten eta euskara nola eta transmititu den ezagutzeko.

Aldi berean, webgune berri bat argitaratu dute (https://diaspora.ahotsak.eus), eta jada proiektuko lehenengo edukiak kontsultatu daitezke bertan: elkarrizketatuen biografiak eta bilketa lanaren oinarrizko datuak. 2026an zehar 50 grabazio ordu landuko dituzte eta elkarrizketatutako pertsona askoren bideo-pasarteak sarean ikusgai ipini. Webgunearen bidez 'Ahotsak' egitasmoan hain oinarrizkoak diren hedapen-lana eta lan pedagogikoa ahalbidetuko dira, ondare hori herritarren, ikertzaileen eta belaunaldi berrien esku jarriko delako.

'AHOTSAK'

'Ahotsak' proiektua Deba Ibarrean sortu zen 2000. urtean, Euskal Herriko ahozko oroimena bildu eta babesteko egitasmo sozial eta kultural gisa, eta pixkanaka-pixkanaka zabaltzen joan da. Egun, Jaurlaritzaren babesa eta laguntza ekonomikoa dauzka, elkarrizketak egiteko, lantzeko eta artxibategi hori bizirik mantentzeko, euskara eta herri historia bultzatzeko.

'Diasporako Ahotsak' proiektuarekin biek ala biek euskararen biziraupena, hizkuntza aniztasuna eta diasporaren memoria zaintzeko konpromisoa hartzen dute, "Euskal Herriko historiaren eta nortasunaren ezinbesteko osagaiak direlako".

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado