Agurne Barruso da Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria, Jose Luis Sukia ordezkatuz

Agurne Barruso eta Jose Luis Sukia.
IKASTOLEN ELKARTEA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 16 enero 2024 13:37

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Agurne Barruso Lazkano da Ikastolen Elkarteko zuzendari nagusi berria, eta urte hasierarekin batera hartu du kargua, Jose Luis Sukia ordezkatuz, Ikastolen Elkartetik prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez.

Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak iragan irailean izendatu zuen Barruso zuzendari nagusi, baina trantsizio aldi bat egin da udazkenean eta, esan bezala, urte hasierarekin batera hartu du Ikastolen Elkarteko gidaritza.

Bergaran (Gipuzkoa) 1969an jaioa, Gasteizko Armentia ikastolako zuzendaria izan da Barruso azken zazpi urteotan. "Ilusioz" heldu dio Ikastolen Elkartearen gidaritzari eta, erantzukizun handia ere badela aitortu arren, erronkek motibatu egiten dutela esan du, are gehiago inguruan lan talde eta zuzendaritza nahiz artezkaritza talde sendoak edukita.

"Uneotan mugimendu bizia da ikastolena, aktiboa, eragilea. Ongi kokatuta gaude hezkuntza sisteman eta gizartean, eta etorkizun handiko proiektua gara", adierazi du.

Unea ere interesgarria dela aipatu du zuzendari nagusi berriak, batetik, pedagogia alorrean aurkeztu berri den Ikastolen Hezkuntza Marko Orokor berriaren hedapena egiten hasi direlako, eta, bestetik, maila instituzionalean Ikastolen VII. Batzarra egingo delako ikasturte honen amaieran.

Ildo horretan, batzarra prestatzeko lantaldeko kidea ere bada Barruso, eta bertan landuko eta bozkatuko diren dokumentuak lantzen aritu eta orain ari dira amaitzen: "Otsailaren amaieran hasiko dugu eztabaida prozesua ikastolekin. Haiei aurkeztuko diegu egindako lana eta guztion ekarpen eta zuzenketekin landuko dugu VII. Batzarrera eramango dugun behin betiko proposamena. Batzarra izango da ikastolen ildo estrategikoak markatuko dituen abiapuntua. Azken batean, hurrengo hamarraldirako gure proposamena landu behar dugu".

JOSE LUIS SUKIA

Jose Luis Sukiak, berriz, ikasturte honetan hartuko du erretiroa, eta bitarte horretan zuzendari nagusi berriaren eta zuzendaritza taldearen alboan arituko da lanean.

2016ko irailean hartu zuen zuzendari nagusi kargua Sukiak, Imanol Igeregiren ordez. Ordura arte Egonkortasun arduraduna izan zen 2010ean sortutako Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartean.

Sukiaren eta ikastolen mugimenduaren arteko lotura, ordea, atzeragotik dator, 1993tik ari baita ikastolen mugimenduan buru belarri lanean.

Contenido patrocinado