Amaia Susperregi industrialariak jasoko du 2026ko Joxe Mari Korta Saria

Amaia Susperregi industrialariak jasoko du 2026ko Joxe Mari Korta Saria
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: martes, 29 septiembre 2026 12:55

BILBO 29 (EUROPA PRESS)

Amaia Susperregi Jaso Group taldeko presidente eta industrialariak jasoko du 2026. urtean Eusko Jaurlaritzak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak urtero ematen duen Joxe Mari Korta Saria, bere bizitza eta enpresa ibilbidea aitortzeko.

Jaurlaritzatik gogorarazi dutenez, sariak Joxe Mari Korta enpresari eta Adegiko presidente ohiaren izena darama. ETAk 2000ko abuztuan erail zuen, eta bere omenez sortu ziren, euskal industriaren buru diren pertsonen gaitasunak eta ahaleginak publikoki aitortzeko, beren inbertsioen eta lanaren bidez, enplegua eta aberastasuna sortzen dituztelako, enpresen errotzea sustatzen dutelako eta Euskadiko industria sarea hobetzen dutelako.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurralde historikoetako enpresa elkarteek, merkataritza sozietateak edo elkargo profesionalek proposa ditzakete hautagaiak, baita egoitza Euskadin duten enpresek ere.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu Mikel Jauregik buru izan duen epaimahaia enpresa elkarte nagusietako ordezkari gorenek osatu dute. Confebask, Adegi, Cebek eta Sea patronaletako arduradun nagusiek parte hartu dute, baita Korta familiaren ordezkari batek ere.

Bada, aurtengo edizioan, epaimahaiak aho batez erabaki du Joxe Mari Korta Saria Amaia Susperregi industrialariari ematea, "errotzearekiko duen konpromisoagatik, bikaintasunagatik, enpresa sarearekiko hurbiltasunagatik, erakundeekiko konpromisoagatik eta Euskadiko garapen ekonomiko eta industrialari egindako etengabeko ekarpenagatik".

Eusko Jaurlaritzak enpresa arloan ematen duen aitortzarik gorena da Joxe Mari Korta Saria, eta urriaren 22an Gasteizko Ajuria Enean egingo den ekitaldian jasoko du Susperregik, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru dela.

Jaurlaritzaren arabera, bere ibilbide osoan zehar, zorroztasunean, irmotasunean, industria bikaintasunean eta zerbitzurako bokazioan oinarritutako jarduera profesionala ulertzeko modua erakutsi du Amaia Susperregik.

Bere lana nabarmendu da "konfiantza sortzeko gaitasunagatik, nazioarteko proiektuak bultzatzeko ahalmenagatik, kalitatezko enplegua sustatzeagatik, pertsonak bidelagun izateagatik eta industria bikaintasuna indartzeagatik". Horri esker, Jaso Group Taldeko enpresek "ikuspegi sendo eta arduratsu batekin etorkizunera begira" aurrera egin dezaten ahalbidetu du.

Joxe Mari Kosta Sariak zaindu nahi dituen ondarearekin bereziki lotutako balioak ditu Susperregik: irmotasuna, diskrezioa, lana ondo egitearekiko konpromisoa, enpresa aurrerapenaren eragile gisa defendatzea eta garapen ekonomikoak erantzukizunarekin, hurbiltasunarekin eta pertsonekiko konpromisoarekin batera joan behar duen uste sendoa.

AMAIA SUSPERREGI

Amaia Susperregi Ordizian (Gipuzkoa) jaio zen eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, Finantza Zuzendaritzako espezialitatearekin. Euskara, gaztelania, ingelesa eta italiera menderatzen ditu.

1991. urtean sartu zen eraikuntzarako dorre garabien diseinuan eta fabrikazioan diharduen Jaso Equipos de Obras S.A. enpresan. Bere jarduera profesional osoa enpresa horretan eta Jaso Group taldeko gainerakoetan garatu du, erakundearen barruan hainbat erantzukizun postu betez, hala nola Finantza Zuzendaritza. Halaber, taldearen enpresa eta sozietate egitura berregituratzeko eta berrantolatzeko zenbait prozesu gauzatu ditu.

2008an, dorre garabien dibisioko zuzendari nagusi izendatu zuten (Jaso Equipos de Obras y Construcciones S.L.), eta 2016an sektore desberdinetarako (eolikoa, eraikuntza eta industria) igogailuen dibisioko Zuzendaritza Nagusia hartu zuen bere gain, sozietate batze prozesu baten ondoren, jarduera hori sozietate izen beraren pean integratu baitzen.

2023an, Jaso taldeko sozietate nagusietako administrazio kontseiluko kide izatera pasatu zen: Jaso Servicios Generales, S.L. (holding), Talleres Jaso Industrial S.L. (garabi industrialak eta AMRak) eta Jaso Equipos de Obras y Construcciones S.L. (dorre garabiak eta igogailuak). Talde horietan guztietan presidente kargua du, eta taldeko gainerako sozietateetan kontseilari bokala da.

Era berean, Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteko kontseilu errektoreko kidea izan da (2006-2012), bai eta batzorde exekutiboko kidea ere (2012-2015). Jasoren ordezkari izan zen Eraikuntzarako Makinen Fabrikatzaileen Europako Elkartean 2008 eta 2022 artean, eta Dorre Garabiak produktu taldeko txandakako presidentetza hartu zuen bere gain 2015-2017 aldian.

Contador

Contenido patrocinado