DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)
Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an euskaltzain oso izendatu zuen Andres Alberdi idazle elgoibartarrak sarrera hitzaldia egingo du larunbatean, azaroaren 25ean, Getariako (Gipuzkoa) udaletxean, 'Arauen itsasoan barna. Araua al da dena?' izenburupean.
Euskararen Akademiak jakinarazi duenez, Salbatore abesbatzak irekiko du ekitaldia, 12:00etan, 'Euskal Herriko semeak gara' abestuz lehenik ('Txanton Piperri' euskarazko lehen operako kanta, 1899koa, Toribio Altzagaren letrarekin), eta Getariako ereserkia ondoren.
Atariko saioaren ostean, ekitaldi instituzionala hasiko da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak ongietorria egingo diete bertaratutakoei eta, jarraian, Andres Alberdik 'Arauen itsasoan barna. Araua al da dena?' izenburua duen sarrera hitzaldia irakurriko du.
Arauekin izan duen bizipen pertsonalez eta harremanez ariko da lehen partean. Bigarrenean, araugai berri batzuen demandan ariko da, eta eskari edo aldarrikapenarekin batera, hausnargai, euskararen eta arauen gaineko kezka eta gogoeta batzuk aletuko ditu. Ondoren, Mikel Zalbide euskaltzain osoak erantzungo dio.
Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egingo du ('Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditudala neure
hitza ematen dut'), eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik.
ANDRES ALBERDI
Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria, Gipuzkoa, 1950) Filosofian lizentziaduna da. Irakaskuntzan aritu da 38 urtean: lehenengo, Elgoibarko Ikastolan, eta ondoren, Elgoibarko Institutuan, bertan Euskara eta Literaturako katedraduna 1982tik, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.
Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako 20 ikasliburu eta gramatika baino gehiago egin ditu egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile taldeko kidea izan zen, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-1992ko ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritu zen.
2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da, eta 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu; batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea da. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkaria da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2018an.
Euskara Batuaren Eskuliburuaz gain, bestelako lan batzuk ere ondu ditu Alberdik, tartean, 'Bidegileak' bildumako bi kaiera (Manuel Larramendi eta Agustin P. Iturriagaren jardun eta bizitzari eskainitakoak), 'Oinarrizko gramatika' (2008, Elkar) eta 'Ahoskera' (2014, EIMA, Eusko Jaurlaritza).