cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">
BILBO, 14 (EUROPA PRESS)
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 2010 eta 2012 artean jaiotako haurren izen ugarienak Ane eta Markel direla eta gurasoek euskal izen bakunetara jotzen dutela jakinarazi du gaur Eustat Estatistikaren Euskal Erakundeak.
Horrela, 1996tik hona, Ane da neska izena aukeratzeko orduan gurasoen kutunena, eta ondoren, June, Irati, Nahia, Uxue eta Izaro. Mutikoentzako izen ugariena Markel da, eta jarraian, Jon, Iker, Oier, Ander eta Unai.
Erregistro Zibilak gehienez bi izen bakun edo konposatu bat jartzeko aukera ematen du, eta gurasoek bakun batera jotzen dute. Ehun izen ugarienen artean ez dago konposaturik bat ere, garai batean oso oso ohikoak ziren arren.
Euskal izenak dira nagusi, batzuetan bi grafia agertzen direlarik: Ane-Anne, Itxaso-Itsaso, Leire-Leyre, Jon-Ion edo Aritz-Haritz. Maria eta Miren bikotean izan ezik, izen baten euskal forma nagusitzen da; horixe gertatzen da Ane-Ana, Xabier-Javier, Jon-Juan eta Mikel-Miguel bikoteetan.
"Naia" eta "Nahia" izenei dagokienez, "Naia", seguru asko, "Nahia" izenaren aldagaitzat hartzen da, eta azken hau da Euskaltzaindiak onartzen duena. "Naia" zortzigarren dago neska izenen artean, seguru asko aipaturiko arrazoiagatik. "Naia", bestalde, zenbait hizkuntzatan (frantsesa, katalana, ingelesa) eta Espainiako toponimoetan agertzen da, eta "Nahia", dudarik gabed euskal izena da, laugarrena neska izenen zerrendan. Horrela, bien artean neska izen ugariena osatuko lukete (1.104 aipamen, %3,61).
Ama atzerritarrek ere euskal izenak aukeratzen dituzte, baina badago alderik sailkapen orokorraren aldean. Bost neska izen ugarienen arteko hiru -Naiara, Ainhoa eta Nahia- euskal izenak dira, eta zerrendako aurrenekoa Sara da, hebrear jatorrikoa. Mutiko izenetan Iker aurrena eta Ander laugarrena dira, euskal izenak; bigarren Adam da, hebrearra; hirugarren Mohamed, arabiarra; eta bosgarren Rayan, zeinak hainbat jatorri eduki ditzakeen.
Halaber, 2010 eta 2012 artean ama izan zirenen izen ugarienak, Ainhoa, Leire, Nerea, Amaia, Sonia, María, Marta, Ainara, Susana eta Mónica dira; emakume hauetako gehienak 1972 eta 1982 artean jaio ziren. Hiru izen ugarienak euskal izenak ziren, baina izen gaztelarrak oraindik asko erabiltzen ziren. Izen ugarienak bakunak ziren, baina amen %14 inguruk María zuen izen konposatuan.
Bestalde, 2010/2012 aldian aita izan zirenen izen ugarienak, Aitor, Javier, David, Iñigo, Asier, Oscar, Gorka, Iker, Francisco Javier eta Iñaki izan ziren. 1970 eta 1980 artean jaiotako gizonak ziren gehienak; izen konposatuak gutxituz, euskal izenak gehituz.