Apirila oso beroa izan da eta ohikoa prezipitazioari dagokionez, Euskalmeten arabera

Apirila oso beroa izan da eta ohikoa prezipitazioari dagokionez, Euskalmeten arabera
IREKIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: miércoles, 7 mayo 2025 16:15

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Apirila ohikoa izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) prezipitazioari dagokionez, baina ñabardura batzuekin, lehorra izan baita itsasertzean eta Bizkaiko barnealdean eta hezea Arabako hegoaldean, eta oso beroa batez besteko tenperaturari dagokionez, Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera.

Balio altuenak isurialdeen banalerroan metatu dira (Urkiola 180,8 l/m2, Zegama 162,1 eta Otxandio 161,1), bai eta eta Gipuzkoako ipar-ekialdean ere, Nafarroako mugan (Berastegi 171,1 l/m2 eta Añarbe 169,7).

Balio baxuenak ezohikoak izan dira, eta 60 l/m2 baino gutxiago pilatu dira Bizkaian, batez ere ipar-mendebaldean (Arboleda 47 l/m2, Zalla 51,2, Larrainazubi 55,1, Galindo 53 eta Zorrotza 57,7); balio horiek Arabako Errioxakoen antzekoak izan dira (Moreda 53,4 l/m3 eta Paganos 53,6).

Euri egun kopurua klimatologia batez bestekoaren antzekoa izan da orokorrean, Arabako Errioxan eta Gipuzkoako ekialdean izan ezik, ohikoa baino 3-4 egun gehiago izan baitira. Gainera, apirilaren 3an eta 26an prezipitazioa oso ugaria izan da, eta bigarren egun hori izan da hilabeteko egunik euritsuena, lurralde osoan batez bestekoa 19 l/m2 izanik.

Tenperaturari dagokionez, apirila oso beroa izan da. Batez besteko tenperatura kostaldean 14-15 gradu ingurukoa izan da, eta Arabako Lautadan 11-12 gradu ingurukoa, gutxi gorabehera 1991-2020 aldiko batez bestekoa baino 2,1 gradu altuagoa. Mende honi dagokionez, aurtengo apirila laugarren lekuan dago, 2011, 2020 eta 2015ekoen atzetik.

Tenperatura minimoei dagokienez, gaueko tenperatura oso altua izan da hilabeteko azken bi egunetan, eta kostaldetik gertu dauden lekuetan 17 gradutik gorakoak. Bi egun horietan, bereziki hilaren 30ean, apirileko serieen errekorra gainditu da hainbat estaziotan (Higer 19,5 gradu, Oleta 19, Behobia 18,8, Zorrotza 18,3, Galindo 18,3 eta Arteaga 18,0).

MAXIMOAK

Bestalde, apirileko tenperatura maximo absolutuak egun ezberdinetan jazo dira, eta hilaren 25a eta hilabeteko azken hiru egunak nabarmen du dira. Horrela, hilaren 25ean 25 graduak gainditu ziren barnealdeko eremu zabaletan (Ordunte 29,6 gradu, Urkulu 29,1, Etura 28,9, Berna 28,9, Saratxo 28,7 eta Arrasate 28,4).

Kantauri isurialdean, batez ere itsasertzean, maximo gehienak hilaren 28an, 29an eta 30ean neurtu ziren (Sodupe-Cadagua 28,3 gradu Zizurkil 27, biak hilaren 28an; Oiartzun 28 gradu, hilaren 29an; Higer 27,5 gradu eta Behobia 27,3, biak hilaren 30ean).

Tenperatura horiekin batera, urte sasoi honetarako ohikoa dena baino handiagoa izan da intsolazioa, eta eguzki orduak %10-30 gehiago izan dira. Igoerarik handiena Bizkaiko mendebaldean izan da, eta Gipuzkoako ekialdean, berriz, ohiko balioetatik hurbilago ibili dira. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 181 eguzki ordu izan ditu, Donostiak 180 eta Gasteizek 197.

Muturreko meteorologiari dagokionez, Jaurlaritzak 11 abisu hori aktibatu ditu apirilean, bi prezipitazio handiengatik, hiruna haizeagatik haizeguneetan eta haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, bat izotzagatik eta bi basoko sute arriskuagatik.

Contenido patrocinado