Arabak eta Gasteizek beren erakargarritasun turistikoak erakutsiko dituzte asteburuan Valladolideko INTUR azokan

Arabak eta Gasteizek beren erakargarritasun turistikoak erakutsiko dituzte asteburuan Valladolideko INTUR azokan
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Europa Press País Vasco
Actualizado: viernes, 13 noviembre 2026 14:04

GASTEIZ 13 (EUROPA PRESS)

Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak lurraldeko eta hiriko erakargarritasun turistikoak erakutsiko dituzte ostiral honetatik igandera bitartean INTUR Valladolideko (Espainia) Barnealdeko Turismoko Nazioarteko Azokan.

Bi erakundeek jakinarazi dutenez, stand berria estreinatu dute azokan, zabalagoa eta erakargarriagoa, turismo baliabide nagusietako batzuen formatu handiko irudiak dituena, hala nola Erdi Aroko Almendra, Eraztun Berdea, Gatz Harana, Arabako Errioxa, barnealdeko hondartzak eta beste eremu natural batzuk. Izei egur naturalez egindako erakusgunea da, baso arduratsuen FSC zigiluarekin ziurtatua, eta haren egiturak zuhaitzak eta landaredia gogorarazten ditu.

Mar Daban Arabako Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak adierazi duenez, "INTURera goaz Valladolideko eta Gaztela eta Leongo bidaiariei Araba eta Gasteiz ezagutarazteko, gure lurraldera bisitari ugari erakartzen dituzten probintzia eta autonomia erkidegoa direlako. Guztira Gaztela eta Leongo 21.000 pertsonak bisitatu gaituzte urtarriletik irailera bitartean, eta 45.000 gau kontratatu dituzte gure hoteletan, landetxeetan eta apartamentu turistikoetan".

"Beraz, merkatu igorle garrantzitsua da gure turismo enpresentzat, eta modu erregularrean gaude bertan gure sustapen estrategiaren barruan", gaineratu du foru diputatuak.

Era berean, Maria Nanclares Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo zinegotziak nabarmendu du bi erakundeek lankidetzan dihardutela "gure lurraldea erreferentziazko helmuga izan dadin esperientzietan, lasaitasunean eta benetakotasunean oinarritutako kalitatezko eskaintza bilatzen dutenentzat".

"Baditugu hori lortzeko erakargarriak: ondarea, enoturismoa, gastronomia, natura, jaialdiak. Valladolid probintzia, gainera, merkatu estrategikoa da, gertutasunagatik eta errepide eta tren bidezko komunikazio bikaina duelako, eta 500.000 biztanletik gorako eremua delako", erantsi du.

Dabanek eta Naclaresek lan bilerak izango dituzte ostiral honetan sektoreko enpresekin, helmugaren sustapena indartzeko eta turismoa Gasteizko eta Arabako enpleguaren eta aberastasunaren eragile gisa sendotzeko.

INTUR

Natura, kultura eta enogastronomia dira INTUR Valladolideko Barnealdeko Turismoko Nazioarteko XXIX. Azokaren ardatzak, eta mila helmuga inguru eskainiko dituzten 127 erakusketari bilduko ditu. Jardunaldi profesionala izateaz gain, natura, kultura eta enogastronomia bila dabiltzan azken bidaiarientzako azoka da: 36.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten iazko edizioan, hau da, 2024ko edizioan baino %3 gehiago.

Horrela, Arabako Aldundia eta Gasteizko Udala aurten ere egongo dira INTUR azokan stand propioarekin, Valladolid "merkatu garrantzitsua" delako Arabako turismorako hurbiltasun geografikoagatik, errepide eta trenbide bidez Gasteizekin konexio bikaina duelako, ardoaren kultura partekatzen dutelako eta eremu populatua delako: Valladolid hiriak 300.000 biztanle baino gehiago ditu, eta probintziak milioi erditik gora.

Arabak eta Gasteizek hiru arlo horietako proposamen erakargarriak biltzen dituen eskaintza aurkeztuko dute bertan: Arabako ardo eta pintxorik onenak dituen eta abenduaren 4tik 8ra bitartean antolatzen den Ardoaraba, programa kultural erakargarria eta Gasteiz eta lurralde historikoa presarik gabe benetako esperientzien bidez ezagutzeko planak (Erdi Aroko Almendra, Arabako erromanikoa, Santa Maria katedrala).

Eskaintzaren osagai garrantzitsuetakoa turismo berde, jasangarri eta irisgarria da, eta, besteak beste, Arabako Errioxa eta Aiara lurraldeko hiribildu harresituen bidez lotzen dituzten 'Arabako Erdi Aroko ibilbideak', asteburuetan eta zubietan Arabako eskualde guztietako baliabide nagusiak ezagutzeko eta gozatzeko ibilbide bikainak diren 'Araban galtzeko ibilbideak', lurraldea benetako esperientzia paregabeen bidez ezagutzeko 'TOP esperientziak Araban' eta familia turismorako proposamenak eraman dituzte.

Bizikletazale, motorzale eta autokarabanazaleentzako eskaintzak ere badira, bai eta Alavabuseko lineen bidez Araba garraio publikoz ezagutzeko gida, turismo irisgarriari buruzko gida eta Mina Lucía eta Gatz Arana bezalako baliabideak ere.

Standa bisitatzen dutenek, gainera, Gasteizko natura, ondare eta enogastronomiako eskaintza osoa ezagutu ahal izango dute, eta informazioa jaso Ardoarabari eta abendurako programatutako jarduerei buruz, besteak beste, Florida parkean jartzen diren jaiotza monumentalari eta izotz pistari buruz eta Ama Birgina Zuriaren plazako noriari buruz.

Contador

Contenido patrocinado