Arabako Aldundiak 4,9 milioi euroan lizitatu du Armiñongo lotunea handitzeko obren lehen fasea

Publicado: martes, 5 diciembre 2023 14:32

GASTEIZ, 5 Dic. (EUROPA PRESS) -

Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak 4,9 milioi euro inbertituko ditu Armiñongo lotunea handitzeko lehen fasean. Helburua da A-1 eta AP-1 autobideen arteko loturak aurrerantzean bi errei izatea egungo oraingo bakarraren ordez, Burgos/Madril norabidean. Lanek konpondu egingo dute bereziki Aste Santuan eta udan inguru horretan sortzen diren auto pilaketen arazoa.

Foru erakundeko gobernu kontseiluak astearte honetako bileran onetsi du lanen lehenengo faseko eraikuntza proiektua, eta obrak lizitatzea erabaki du, 4,9 milioi euroko gehieneko zenbatekoarekin eta 11 hilabeteko egikaritze epearekin. Obrak 2024ko udaberrian hasiko dira, eta, beraz, bidebanatze berria 2025eko ekitaldiaren hasieran egongo da erabilgarri.

Armiñongo lotunea zabaltzeak beste fase bat ere izango du, AP-1 eta A-1 autobideen elkargunean, egungo bi erreiak hiru bihurtzeko, Gasteizerako norabidean. Aurreikusi da 2024aren amaieran egitea bigarren fasearen lizitazioa, bai eta obrak 2025ean eta 2026an egitea ere.

Obren guztizko kostua 16 milioi eurokoa da, gutxi gorabehera, eta Espainiako Gobernuak finantzatuko du osorik. Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak hitzarmen bat sinatu zuen 2022an Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioarekin, obra horiek bultzatzeko. Hitzarmen horrek erakunde bakoitzaren betebeharrak eta konpromisoak ezartzen ditu.

Hala, hitzarmenarekin bat etorriz, foru erakundea arduratuko da bi alderdiek aldez aurretik itundutako ezaugarriak dituzten proiektu teknikoen idazketa izapidetzeaz, bai eta Araban eragindako ondasunen desjabetzea eta obren kontratazioa eta zuzendaritza izapidetzeaz ere. Bestalde, Espainiako Ministerioak bere gain hartuko du obren finantzaketa osoa, bai eta proiektuen idazketa, laguntza teknikoak eta
desjabetzeak ere, gutxi gorabehera 16 milioi euroko guztizko kostuarekin.

Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak 2022ko amaieran esleitu zuen obren eraikuntza proiektuen idazketa, 331.000 euroan. Ondoren, Madrilen egindako bilera batean, ministerioari aurkeztu zion lehen faseko proiektua, orain ia bost milioi euroan lizitatu dena.

AP-1 autobideko trafikoa nabarmen hazi da azken urteotan, eta botila-lepo bat sortzen du Armiñongo lotunean, batez ere urteko garai jakin batzuetan, hala nola udako oporretan eta Aste Santuan. Lanek arazoa konponduko dute eta aukera emango diete arabarrei eta egunero lotura horretatik igarotzen diren milaka gidariri erosoago eta seguruago bidaiatzeko. Esku hartze horrek, bada, nabarmen hobetuko du foru errepide sarea.