BILBO ZAHARRA EUSKALTEGIA/EUSKALTZAINDIA
BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
Bilbo Zaharra euskaltegiak Arantxa Urretabizkaia idazle eta euskaltzain urgazlearen "Zergatik panpox" liburuari eskainiko dio Klasikoen 5. Irakurraldi Jarraitua. Ekainaren 14an egingo da, Bilboko Arriaga Antzokian, goizeko 8:00etatik iluntzeko 20:00etara, eta hori baino lehen, liburuari buruzko hiru hitzaldi antolatu ditu euskaltegiak, hirurak Euskaltzaindiaren egoitzan.
Antolatzaileen esanetan, "Zergatik panpox" nobelan "lehenengo aldiz dugu euskal literaturan protagonista femenino subjektu bat, aitzindaria izan zena bere ezaugarri guztietan". Horretaz, besteak beste, mintzatuko da emango diren hiru hitzaldietan. Lehenengoa maiatzaren 31n izango da, eta Ana Urkiza ariko da hizlari; ekainaren 7an, Gema Lasarte; eta ekainaren 13an, Josune Muñoz.
Esan bezala, hau da ekimen honen bosgarren edizioa. Lehenengoan, duela lau urte, Axularren "Gero" irakurri zuten; duela hiru urte Mogelen "Peru Abarca"; duela bi Jon Miranderen "Haur besoetakoa"; eta iaz Ramon Saizarbitoriaren "Hamaika pauso".