BILBO 12 Jul. (EUROPA PRESS) -
Azkue Fundazioak "Jakina!" izeneko Euskal Tribiala sortu du. Trivial joko ezagunaren formatuarekin euskaraz sortutako lehen on line jokoa da eta sei jokalari aritu ahal dira aldi berean, zortzi gairi buruzko 4.800 galderei erantzuten, bere arduradunek jakinarazi dutenez.
Proiektua Azkue Fundazioak garatu du, Saure argitaletxearekin, eta helburua da erreminta didaktiko, dibertigarri eta erakargarri bat eskaintzea, internauten arteko harremanak euskaraz izatea ahalbidetzeko. Jakina! Euskal Tribiala jokoak hainbat aukera eskaintzen ditu euskara ikasteko, euskaraz hitz egiteko eta euskara sustatzeko, arlo akademikoan, zein aisialdian.
Jokoak zortzi gairi buruzko galderak ditu: Euskara eta literatura; Aisia eta kirola; Zientzia eta teknologia; Geografia eta historia; Kultura eta artea; Zinea eta ikuskizunak; Gizartea eta ohiturak; eta Musika eta dantza. Hiru zailtasun-maila ditu, eta jokalariak aukeratzen ditu jolasteko maila eta gaia.
Jakina! jokoak jokalari kopuru ezberdineko partidak sortzeko aukera ematen du, batetik seira, eta partidak publikoak edo pribatuak izan daitezke. Jokalariek hainbat baliabide izango dituzte jolasteko: aurretiaz sortutako partida batean sartu ahal izango dira edo berri bat sortu; jokalari bakoitzak bere kontua kudeatu ahal izango du plataforman eta estatistikak ikusi ahal izango ditu; eta plataforman lagunen zerrenda osatzeko aukera dago, erraz-erraz gonbidatu ahal izateko jolastera. Plataforma honek jokalarien sailkapena eta une bakoitzean indarrean dauden txapelketak erakusten ditu.
Jolasteko dinamika Trivial mahai-jokoarenaren antzekoa da. Azkue Fundazioak datozen hilabeteetan txapelketak antolatzeko asmoa dauka, erreminta hau ezagutzera emateko.