Basogintzan eukaliptoa erabiltzeko hautua birplanteatu egin beharko litzakekeela dio EHUko ikerlan batek

Archivo - Eukaliptoak
GREENPEACE - Archivo
Europa Press País Vasco
Actualizado: lunes, 6 octubre 2025 9:58

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Bez-Ekofisko ikerketa taldearen lan batek ondorioztatu du birplanteatu egin beharko litzatekeela basogintzan eukaliptoa erabiltzeko hautua eta "premiazkoa" dela baso autoktonoak kontserbatzea eta lehengoratzea, ikusi delako hegazti espezieen konposizioa aldatu egiten dela eukalipto landaketak, pinu landaketak eta baso autoktonoak alderatuta.

Iberiar penintsularen iparraldean hedatuz joan dira tokiko basoen ordez landatutako pinu eta eukalipto plantazioak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), esate baterako, eukalipto sailen azalera bikoiztu egin da 2005 eta 2024 bitartean, pinudietako gaitzen ondorioz pinuaren ordez eukaliptoa landatu baita.

Gaur egun, "EAEko azaleraren ia %55 estaltzen dute zuhaitzek: azalera horren erdia inguru baso naturalei dagokie, eta beste erdia landaketei (%25 inguru intsinis pinua da, eta %7 baino gutxixeago eukaliptoa)", azaldu du Unai Sertutxa EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak.

EHUko ikertzaileen arabera, eukaliptoak hazkunde tasa bikainak ditu eta oso errentagarria da paperaren industrian, baina informazio gutxi dago lurraldean eukalipto landaketek eragin ditzaketen ingurumen inpaktuen inguruan.

Hala, eukalipto landaketek landareetan, hegaztietan eta lurreko mikroorganismoetan zer eragin duten aztertzen ari dira EHUko Bez-Ekofisko ikerketa taldeko kideak.

Oraintsu argitaratutako lanean ezagutzera eman dute hegazti espezieen dibertsitatea nola aldatzen den baso autoktonoak eta pinu eta eukalipto landaketak alderatuta, eta alde horiek zeren arabera gertatzen diren ebaluatu dute, besteak beste, landaredia, inguruko paisaia, baso egitura, kokapena eta egur hila.

EAEko zuhaitz sistema mota bakoitzeko hogeina sailetan egin dute hegazti espezieen kontaketa eta azterketa, eta horrela, hegazti espezieen aberastasuna eta haien ugaritasuna kalkulatu dituzte. Bestalde, hegaztiek landareekin zer-nolako interakzioak dituzten aztertu dute.

Sertutxaren hitzetan, "ikerketa honetan ikusi dugu hegazti espezieak aldatu egiten direla sistema motaren arabera, eta eukalipto sailetan baso autoktonoetan edo pinu landaketetan baino hegazti espezie gutxiago dagoela nabarmen: espezieen aberastasuna eta ugaritasuna txikiagoa da".

Bestalde, pinu landaketetan basoetako hegazti espezie batzuk bizi diren arren, hegazti komunitateak ez dira baso autoktonoetakoak bezalakoak. "Horrek erakusten du baso autoktonoak paregabeak direla hegaztien habitat gisa", gaineratu du.

BERTAKOAK

Ikerketaren emaitzen arabera, "bertako basoak garrantzitsuak dira hegazti komunitateei eusteko". Bertako landare espezieek funtsezko baliabideak eskaintzen dizkiete bai basoetako hegaztiei bai eremu irekietan bizi direnei", azaldu du Sertutxak.

Izan ere, EHUko ikertzaileek eremu irekietako hegazti espezieak ere hauteman dituzte baso autoktonoetan; horrek esan nahi du "baso naturalek ez dutela bakarrik balio basoetako espezieak babesteko (hala nola garrapoa, eskinosoa edo gerritxori arrunta), baizik eta basotik kanpo bizi diren espezieak babesteko ere balio dutela (birigarro arrunta eta karnaba, esate baterako)".

Halaber, hegaztien eta landareen arteko interakzioen azterketaren emaitzen arabera, "hegaztiek gehiago erabiltzen dute bertako landaredia exotikoa baino; oso interakzio txikia dute landare exotikoekin", bertako basoetako landare espezieen dibertsitateak eta egiturak "aukera zabalagoa" eskaintzen baitie hegaztiei, zuhaitz landaketen landare komunitate sinpleagoek baino.

Bestalde, EHUko ikertzaileek hauteman dutenez, "hegaztiek, batez ere, fruitua ematen duten landareekin (eta, gutxiago, zuhaitzekin) dute harremana".

Horren guztiaren ondorioz, Sertutxak nabarmendu du "premiazkoa" dela "baso autoktonoak kontserbatzea eta lehengoratzea, hegaztien dibertsitateari eutsi nahi bazaio". "Garrantzitsua da biodibertsitatearen kontserbazioa lehenetsiko duten baso kudeaketako estrategia iraunkorrak erabiltzea, paisaia erresilienteak izateko", gaineratu du.

Era berean, EHUko ikertzaileen arabera, ikerketak erakutsi du agian eukalipto landaketak birplanteatu egin beharko liratekeela. "Bizkaian, adibidez, eukaliptoak landatzeko debekua amaitzera doa (2025), eta erabakiak hartzeko unea da. Beraz, emaitza hauek ikusita uste dugu agian hobe dela eukaliptoak baztertu eta beste bide batzuk jorratzea", adierazi du.

Contenido patrocinado