BILBO, 15 (EUROPA PRESS)
BBK-k Bizkaiko San Tomas azoka handia berreskuratu du aurten eta Bilboko Areatza izango da jaiaren erdigunea abenduaren 21ean. Azoka "elkartasunez beteta" iristea nahi izan du BBK-k, eta, Bisubi Bizkaiko Sukaldarien Bilkurarekin elkarlanean, hainbat jarduera gastronomiko eta solidario antolatu ditu, batuko den dirua Aspanovas Bizkaiko minbizidun haur eta nerabeen gurasoen elkartera bideratzeko.
Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, Asier Abaunza Bilboko Udaleko Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak eta Diego Valdivieso Bisubiko kideak aurkeztu dute ostegun honetan Bilboko San Tomas azokaren 73. edizioa.
Azoka berritasunekin dator, baita kokapenari dagokionez ere. Horrela, Bilboko Areatza eta bere ingurua izango dira 238 etxolak jarriko diren gune nagusia, eta 137 ekoizle bilduko dira, askotariko produktuak eta ohiko taloa eta txorizoa eskaintzeko. Azoka 09:00etatik 20:00etara bitarte egongo da zabalik.
Pandemia aurreko azken edizioan egin bezala, etxolek eta txosnek edalontzi berrerabilgarriak eta poltsa biodegradagarriak erabiliko dituzte, hondakinak minimizatzeko, erabilera bakarreko plastikoaren aurka borrokatzeko eta zentzu guztietan jasangarriagoa izango den azoka bultzatzeko.
Gainera, San Tomas azokaren aurtengo edizioak 'Erronka Garbia' ziurtagiria lortu du. Izendapen horren arabera, San Tomas azoka ekitaldi jasangarria da, ingurumenean izan ditzakeen eragin negatiboak minimizatuz diseinatua, antolatua eta burutua.
Jai esparrura iristeko garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute antolatzaileek, aukera jasangarria baita eta, hala, auto pilaketak eta aparkatzeko arazoak ekiditeko. Izan ere, edizio "bereziki jendetsua" espero dute, bi urteko geldialdiaren ostean.
SOLIDARIOA
Jasangarria izateaz gain, aurten San Tomas azoka "bereziki solidarioa" izango da. Bisubi sukaldarien fundazioarekin lankidetzan, ekitaldi solidario bikoitza egingo da, eta bildutako dirua Aspanovas minbizidun ume eta nerabeen gurasoen Bizkaiko elkartera bideratuko da.
Horrela, goiz osoan zehar, Bisubiko sukaldariek 5.000 indaba anoa prestatuko dituzte putxeretan "beren sakramentu eta guzti". Babarrunak Emakumeen plazan preastatuko dira, Bailen kalean, eta anoa hiru euroren truke dastatu ahal izango da.
Gainera, pintxoen enkante solidarioa egingo da. Bisubiko sei sukaldarik, hiru bikotetan banatuta, Areatzako kioskoan egingo dituzte pintxoak, azokan bertan erositako produktuekin. 'Show-cooking' saio bakoitzak 30 minutu inguruko iraupena izango du. Pintxo
solidarioak enkantean jarriko dira jendearen artean, eta bildutako dirua Aspanovasi emango zaio.
Bisubiko sukaldariek egindako pintxoen hirugarren enkantearen ostean, beste enkante bat egingo da Balmasedako Putxera Kofradiak emandako benetako putxera bat eskuratzeko. Azkenik, diseinuko putxera baten zozketa egingo da, eta salmenta solidarioko 5.000 anoetako baten erosketa txartela erosi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Jon Maia bertsolariak dinamizatuko ditu ekitaldiak.
AZOKA ETA LEHIAKETA
Bestalde, San Tomas egunean baserritarrek hamar kategoriatan banatutako produktu ugari jarriko dituzte beren postuetan goizean goizetik, hain zuzen, haragi eta deribatuen zortzi ekoizlek, kontserben 17k, fruten bostek, barazkien 13k, esne eta esnekien 22k, eztiaren bederatzik, ogi eta pastelen 21ek, landareen hiruk, sagardo eta txakolinen 19k eta bestelako produktuen lauk.
Horrela, San Tomas azokako baserritar askok parte hartuko dute urtero produkturik onenak saritzen dituen lehiaketan. Era berean, BBK-k belaunaldi erreleboa saritzen jarraituko du, ekoizle gazteenari saria emanez, baita emakume baserritarraren sari berezia ere. Sari banaketa Areatzako kioskoan izango da, 13:00etan.
BBK-REN APUSTUA
Nora Sarasolak esan du San Tomas dela "BBK-k urte osoan lehen sektorearen alde egindako apustuaren amaiera". Izan ere, bere hitzetan, "Bizkaiko nekazaritzaren eta herritarren arteko topagunea da, non erakundeak lehen sektorearekiko duen konpromisoa indartu egingo baiten, urtebetez 86 azoka sustatu eta BBK Azokaren bidez sareko salmenta etengabe bultzatu ostean".
"BBK-k lehen sektorearen aldeko apustua egiten jarraituko du etorkizuneko sektore ekonomiko gisa. Euskal herritarren elikadura itxaropenei buruzko azterlan baten arabera, gehien eskatzen diren ezaugarriak ontziratu gabeko eta hurbileko produktuak dira. Beraz, sektoreak aukera paregabea du modu jasangarrian ekoitzitako 0 Km produktuekin", adierazi du.
Bestalde, Asier Abaunzak nabarmendu du San Tomas azoka "urteko ekitaldi garrantzitsuenetakoa" dela Bilbon, bi urteko pandemiaren ostean, "are ilusio handiagoa" egiten diola Bilboko Udalari hirian hartu ahal izateak.
"Gure lurraldeko nekazaritza jai nagusia eta milaka lagunentzako ezinbesteko hitzordua da. Aurten ere etortzera animatzen zaituztegu, azokaz eta hiriaz gozatzera, Bizkaiko txoko guztietatik etorritako gure baserritarren produkturik onenak ezagutzera eta dastatzera. Errespeturako eta aisialdi arduratsurako deia ere egiten dugu. Bilbok ez du aitzakiarik behar egun hauetan gozatzeko, baina San Tomas da, zalantza barik, horietako onena", azaldu du.
Azkenik, Diego Valdivielsok adierazi duenez, "Bisubi Fundazioa Gastroutopia mugarik gabeko mugimendua zabaltzearen alde ari da lanean, bikaintasun gastronomikoa eskuragai izan dadin eta lan praktika etiko eta iraunkorretan oinarritu dadin".